Ene Kantak, ‘Ausartak!’

‘Ausartak!’ kantua aurkeztu berri du Ene Kantak taldeak. Une gogorrak pasatzen ari den familia bati laguntzeko asmoz sortutako abestia honek, indarra eta babesa erakutsi nahi ditu. Aurpegi ezagun askok hartu dute parte grabazioan.

NAIZ+|2018/05/18 08:45
Loading player...

Ene Kantak taldeak ‘Ausartak’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu. Une gogorrak bizi dituen haur bati eskainitako kantua bada ere, momentu zailei aurre egiteko ereserki izan nahi du.

Ainara izeneko neskatila nafarra da abesti honetako protagonista. Gaixotasun baten ondorioz, garai zailak pasatzen ari da bera eta bere sendia eta, horri guztiari aurre egiten laguntzeko sortu dute 'Ausartak' kantua.

Aurpegi ezagun ugarik hartzen dute parte abesti honen grabazioan eta bideoklipean. Tartean, El Drogasek, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk, Osasunako jokalari Oier Sanjurjok, 'Go!azen'eko telesaileko zenbait aktoreek eta 'Bago!az' saioko aurkezle Zuriñe Hidalgok.

2011. urtetik lanean

Umeentzako abestiak prestatu ohi ditu Ene Kantak egitasmoak. Urko Oskozek eta Nerea Urbizuk osatu zuten Ene Kantak 2011. urtean, «haurrentzako euskarazko abestien faltari» aurre egiteko helburuarekin.

Disko bakarra sortzeko elkartu baziren ere, jendeak geroz eta gehiago eskatuta, 2016an bosgarren lana aurkeztu zuten: Astonauta.

Nafarrak dira proiektuaren bultzatzaileak, eta euskalgintzara bideratzen dute Ene Kantak egitasmoaren bitartez biltzen duten diruaren zati bat.

Euren CD-DVDko bideoklip guztietan Euskal Herriko arlo desberdinetako pertsona ezagunek parte hartzen dute.