‘Motxila etorkizunez bete’

Gurasoren bat espetxean duten haurren errealitatea bistaratzeko asmoa dute arte lan hauek. Exprai artistaren sinadura dute, eta kartzelarekin harreman estuegia duten haur eta nerabeen hitz eta sentipenak dira grafikoki ikusi daitezkeenak. Sare Herritarrak sustatu du erakusketa.

Oihana Llorente|2018/07/02 11:20

Gurasoak, edo haietako bat, espetxean duten haurren testigantzak jaso eta euren hitz eta sentipenak bilduz eraiki ditu hamabi arte lan hauek Exprai artista nafarrak. Motxiladun umeek bizi duten errealitatea ikustaraztea du asmo Sare Herritarrak bultzatutako erakusketa honek.

Granadako espetxean sortu zen ume baten bizipena jasotzen du lehen lanak. Andaluziako espetxe horretan preso zuten ama erditu zenean eta berekin eman zituen bizitzako lehen hiru urteak. 36 lehen hilabete horietan baina, bospasei presondegira egokitu behar izan zuen haur txiki honek.

Aita espetxean duen neskato honek bisitak zer nolakoak diren azaldu du. Zenbatzen ikasi orduko, espetxean sartu eta aita besarkatu arte igaro beharreko bederatzi ateak zenbatzen zituela ekarri du gogora.

Aita espetxetik ateratzerakoan elkarrekin partekatuko dituzten ametsak aitortu ditu beste neska honek. Zortzi urte ditu dagoeneko, eta ez du inoiz aita kartzelatik kanpo ezagutu. Argi du ordea, goiz ala berandu, bere eskutik hartuta munduari bira emango diola belaontzian.

Kristal lodiak irribarreak lapurtuko ez dizkiola argi du beste nerabe honek. Bere aitak hogei urte bete ditu kartzelan, eta beraz, ez du espetxetik kanpo inoiz ikusi. Haatik, bere ondoan igarotako uneak oroitzapen ederrak dira nerabe honentzat.

Haurrak nagusitu ahala, eskolak ezarritako etxeko lanak direla edota kirol partidak direla zailagoa da umeentzat bisitan joan eta asteburua errepidean igarotzea. Batzuetan lagunekin geratzea nahiago izan dute, besteetan, ordea, ama eta aita besarkatzeko pozez egiten dituzte milaka kilometro.

Kartzelako dei telefonikoak nolakoak diren azaltzen digu haur honek. Aitak bi dei egiten dizkio astero, bost minutukoak biak, baina bat batean, agur esateko eta muxuak emateko astirik gabe, mozten direla dio kexu umeak.

Geroz eta nagusiago izan, aita preso izatearen arrazoiak geroz eta gutxiago ulertzen zituela aitortu du beste ume honek. Galderak ere askoz gehiago dira adina aurrera joanda. «Zergatik behartzen gaituzte hainbeste kilometro egitera? Zergatik bete behar dugu haien zigorra parte batean?», galdetzen dio bere buruari.

Aitaren bizitokia ezagutzen ez duen bezala, aitak ere ez du alabaren logela ezagutzen.Ez ditu eskolan egin eta paretan jarritako marrazkiak ikusi, ezta Olentzerok ekarritako jostailuak ezagutu ere. Aitak ez dio inoiz bere logelara eraman, ezin du eta.

Lagunak euren gurasoekin ikustean, bere gurasoen hutsunea sentitzen du beste ume honek. «Triste sentitzen naiz orduan», aitortzen du.

Espetxea espazio «ilun eta hotza» dela iritzi dio beste haur honek. Bertan lan egiten duten funtzionarioak gainera, «beti haserre» daudela uste du.

Bisitaren amaierako azken minutuen gordintasuna jasotzen du lan honek. Kartzelatik atera nahi duen arren, «amorrua» sentitzen du ume honek bere gurasoarengandik banatu behar duen  memento horretan. «Agur hori ez da inoiz erraza izaten» dio.

Azken arte lan honek itxaropenari egiten dio dei. «Esperantza ezin da inoiz galdu. Esperantza galtzen badugu jada ez zaigu ezer geratzen», dio ume honek.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK