NAIZ+

Suediar ikasle batek hegaldi bat gelditu eta deportazio bat eragotzi du

Elin Ersson gazte suediarrak Istanbulera joatekoa zen hegazkinean esertzeari uko egin zion, Suedian asiloa ezeztatu eta hegaldi horretan deportatu behar zuten afganiarra hegazkinetik ateratzea lortuz.

Elin Ersson gazte suediarra.
Elin Ersson gazte suediarra.

Eztabaida bizia dago Suedian asilo eskubidearen gainean. Are gehiago, gazte baten desobedientzia ekintzak deportazio bat eragotzi zuenetik. Göteborgetik Istanbulera joatekoa zen hegazkinak ezin izan zuen aireratu, deportazio bat saihesteko Elin Ersson ikasle suediarra ia bi orduz zutik mantendu zelako.

Facebook live bidez mundu guztira eta zuzenean eman zuen protestaren berri. Hegazkinean Suedian asiloa ezeztatu eta Afganistanera eraman nahi zuten 52 urteko gizon bat zegoen eta deportazio honen berri jakinda erosi zuen Erssonek bidaia txartela. Hegazkinean igo aurretik asilo eskubidearen aldeko protesta bat izan zen aireportuan bertan.

Bideoan ikusi daitekeen bezala, zenbait bidaiarik eta tripulazioak gaztearen protesta ekintza oztopatzen saiatu ziren, denbora galtzen ari zirela esanez. Neskak aurre egin eta euren denbora bizitza bat salbatzea baino garrantzitsuagoa ote zen galdetzen zuen; beraiekin zegoen bidaiaria «Afganistanen seguruenik hil egingo» zutela esanez.

Baziren ordea protestarekin bat egin zutenak eta neskarekin batera zutik jarrita lortu zuten afganiarra hegazkinetik jaistea.

Bi orduz hegazkinean zutik egoteagatik, Elin Ersson sei hilabeteko kartzela zigorrera kondenatua izan daiteke.

Hemen duzue Erssonek facebook live bidez mundu guztira zabaldu zuen bideoa.