Gaztetxeen loraldi berria Nafarroan

Desalojo arriskuan den Iruñeko Maravillas gaztetxea Nafarroan azken hilabeteotan izan den gaztetxeen loraldiaren erakusgarrietako bat da. Berriozar, Mendillorri, Burlata, Tafalla, Lizarra eta Arrotxapeako gazteen ekimenez loraldi berri bat bizi dute gaztetxeek Nafarroan. Bideo-erreportaje honetan jaso du Ahotsa.info-k gaztetxeen udaberri hau. 

AHOTSA.INFO | NAIZ+|2018/08/08 11:48
Loading player...

Hain denbora gutxian horrenbeste gaztetxe eta proiektu autogestionaturen sorrera ez da maiz ikusten ahal. Nafarroan gaztetxeen ageriko loraldi berri bat ari dela bizitzen dirudi, autogestioa eta auzolana oinarri asko baitira azken aste eta hilabeteetan sortu diren proiektuak. Ahotsa.info proiektuak goian ikusgai duzuen erreportajean jaso ditu udaberri honen adierazgarri diren proiektuen berri bertako gazteen testigantzekin. Honako proiektuak agertzen dira bideoan;

Berriozarko gaztetxea: Aipatutakoetan zaharrena, 2015ean sortu zen Berriozarko Taupada gaztetxea eta Udalaren eta gazte asanbladaren arteko akordioa dute honen kudeaketarako. «Parrandez gain...», diote bertako ordezkariek, hainbat ekimen antolatzen dituzte: euskara eskolak, dantza ikastaroak, kirol txapelketak... Herriko kuadrila gehienek bertan parte hartzen dute. 

Mendillorriko Antzara gune komunitarioa. Emaitza ez da gazteei begirakoa soilik, adin tarte orotako jendea batu baita azkenean proiektura. Abiapuntua bai, gazte asanbladaren ekimenez ekin baizioten lehenbizi Iruñean UPNren gobernua zegoen garaian. Handik ez zen erantzunik izan baina aldaketarekin, kostata, baina lortu zuten akorido bat. Dantza, konpartsak, musika taldeak, joste tailerrak... dituzte bertan. 

Burlatako gaztetxea: Ekainean okupatu zuten aspaldi erabilpenik gabe zegoen eraikina. Behin proiektua martxan jarrita Udalarekin akordioa lortu zuten.

Tafallako gaztetxea elizaren inguruko elkarte baten eraikinean kokatu dute. 

Lizarrako Sugarra gaztetxea: Jabetzaz Nafarroako Gobernuarena den eraikin batean abiatu dute Lizarran gaztetxe berriaren proiektua. Egoera penagarrian topatu zuten eraikina 10 urtean hutsik egon ostean. Zerrikeria kendu, lokala txukundu eta hasi dira proiektuak sustatzen. Lehena liburutegia izan da, gaztetxe zaharrean ere bazuten eta gela atondu eta bertako liburuekin osatu dute. Eraikinean hainbat proiektu sustatu asmo dituzte: kolektiboentzat gelak, sukaldea, musika taldeentzat gelak; hitzaldi, antzerki eta halakoentzat erabilpen anitzeko lokala, gimnasioa, rokodromoa, autodefentsa tailerrak... 

Arrotxapeako gaztetxea: Asteazkenroko pizza-potea da, agian, bere ezaugarri nagusietako bat. Okindegia dute eta bertan egiten dute masa ere. 

Iruñeko Maravillas gaztetxea: Desalojo arriskuan dago alde zaharreko gaztetxe hau eta abuztuan bertan gerta liteke, gainera. Maravillaseko hainbat kidek gaztetxea nola abiarazi zuten kontatu dute Ahotsaren erreportaje honetan eta desalojoari aurre egiteko deia egin. 

Loading player...
LOTURAK