NAIZ+
POTOSÍ

Boliviaren independentzia eguna, brigadisten begietatik

Askapenaren Boliviako brigadak euren aberri eguna, independentzia eguna, bertatik bertara bizitzeko aukera izan du eta hala jaso dute bertatik igorritako kronikan:

Euskal brigadistak Boliviako aberri egunean.
Euskal brigadistak Boliviako aberri egunean.

Abuztuaren 5a da eta 15:30 dira, autobusean gaude jada Potosírako joateko Boliviaren burujabetasunaren 193. urteurrena ospatzeko. Columna Sur deritzon eragile politikoko partaide batek gonbidaturik gaude eta eurekin batera joango gara.

Halako batean, La Paz-etik irten gara Oruro-rako bidean, han Columna Surreko beste kide batzuk hartzeko. Gauak egunari lekua kendu dio eta hotzak bereak eta bi egiten hasi da. Bidai luze eta hotzaren ondoren, iritsi gara Potosí-ra goizaldeko 4:00ak direnean. Autobusetik irtetzean 8º zero azpitik gaudela esan digute, eguzkia noiz agertuko zain irrikitan gaude.

Denok batera La Casa de la Moneda izeneko eraikinera hurbildu gara eta kalean polizia ugari dakusagu. Goizeko seiak inguru dira eta poliziak ez digu aurrerago joaten utzi. Columna Surreko kide batek aurrera egiteko baimena dutela eta polizia buruak ezetz. Azkenean apur bat atzera egin eta Casa de la Moneda aurrean hartu dugu lekua. Egunak argitzen duen heinean jendea gerturatzen ari da, bai herritarrak eta bai gobernuko agintari eta antolatzaileak ere. Hauen artean, oso azpimarragarria da Casa de la Monedan Boliviako jatorrizko janzkera duten indigenak ere sartzen ari direla. Tarteka musika desfile militarrak igaro dira gauden lekutik hurbil.

10:00ak dira dagoeneko eta hainbeste itxaron ostean, hara non agertzen zaigun Evo Morales presidentea. Columna Surreko partaide bat oso adi zegoen uneoro eta lehenago entsaiaturiko leloak oihukatzeko keinua egin du: “¿Quién se rinde? ¡Nadie se rinde! ¿Quién se cansa? ¡Nadie se cansa! ¿Qué queremos? ¡Evo de nuevo! ¿Qué queremos? ¡Evo de nuevo!”. Mundu guztia argazkiak egiten ahal duen bezala, une hunkigarria. Handik gutxira Evok hitzaldia eskaini du.

Jarraian Columna Surrekoek Evoren eta prozesuaren aldeko desfilean parte hartzeko gonbitea egin digute. Desfilean zehar kale bazterrean Evoren aurkako herritarrak daude “¡Bolivia dijo no!” eta antzerakoak oihukatzen. Izan ere, garaian Evo Morales berriro aurkeztu ahal izateko erreferenduma ospatu zen eta ezezkoa nagusitu zen, bozka gutxi batzuen aldeaz izan bazen ere. Noizean behin laranja zatiak edo eskutan duten edozer gauza harrika jaurti digute. Oso desfile luzea izan da, 16:00ak arte iraun duena. Honen bukaera Casa de la Moneda inguruan izan da herritarrek, agintariek eta poliziak ongi etorria txalo artean eman diguten bitartean.