NAIZ+

Abortua despenalizatzeko borrokaren testigu izan da Askapenaren brigada Argentinan

Joan den astean Argentinako Senatuak abortua legeztatzea errefusatu zuen; kalean ostera, milaka eta milaka emakume ziren abortua legeztatzearen alde. Haien artean ziren Euskal Herritik joandako Askapenako brigadistak eta ezezkoak irabazi bazuen ere, kalean galtzailerik ez zegoela argi dute, kontzientziak irabazi baitu borroka honetan. Hala diote igorritako kronikan.

Brigada Argentinara iritsi berritan.
Brigada Argentinara iritsi berritan.

GARAITUEN GARAIPENA

Zeru lainotsu baten pean, Askapenako brigada Montevideotik Buenos Aireseko portu zaharrean lehorreratzera goaz, abuztuak 8 da, goizeko 11.00ak. Ferritik jaitsi bezain laster topatu dugu zain gure kontraparte izango den Carina izeneko emakumea. Convocatoria Segunda Independencia eragile politikoko Mahai Nazionaleko kide da Carina, berak eta bere kideek Argentinaren askapen nazional (indar inperialisten erasoen eta esku-hartzeen amaiera eta bertan dauden identitate nazional ezberdinen aitorpena, Argentina plurinazional baten eraikuntza) eta soziala dute lan ildo eta ardatz. Elkar agurtu ostean, autora sartzera gonbidatu gaitu. Carina, Convocatoriako kide izatean gain ATE sindikatuko partaide ere bada. ATE (Asociación de Trabajadores del Estado) 1925. urtetik Argentina osoko langile publikoen eskubideen alde jarduten duen sindikatua da. Europa hegoaldetik etorritako etorkinek sortua, haiekin ekarritako korronte sozialista eta anarkisten baitan eraiki ziren bere zutabe ideologikoak. Gaur egun herrialdeko garrantzitsuenetako bat izateaz gain bere egoitzetako bat izango da brigadaren lehen geltokia.

Autoan sartu eta helmugara bitarte, azkenaldian bolo-bolo dabilen eztabaidaren inguruan galdetu diogu. Izan ere, Diputatuen Ganbaran aprobatua izan ondoren, gaur bertan Senatuan bozkatzen baita abortua despenalizatu eta legeztatu dezakeen lege proiektua. "Campaña Nacional por el aborto legal libre y gratuito" eragileak zazpigarren aldiz aurkeztu duen honetan, sekulakoa izaten ari da gizartean ematen ari den eztabaida. Ezin dugu ahaztu, Argentinan urtero 450 000 abortu inguru gauzatzen direla, hau da, jaiotzen diren bi umeko bat abortatu egiten dela. Honela, klandestinitatearen eta baliabide faltaren ondorioz, praktika hau bihurtu delarik haurdun dauden emakumeen heriotza kausa nagusi. 2016an haurdun zeuden 245 emakume hil ziren Argentinan eta hauetatik 47 abortuaren ondorioz gertatu ziren. Gainera, ebidentzia internazionalak garbi utzi du abortuaren inguruko lege malguagoak dauden herrialdeetan, heriotza (edo erailketa) mota hauek gutxitu egin direla. Hots, hor dugu hurrenez hurren Uruguairen kasua, non zergati honen ondorioz hildako emakumeen ehunekoa %37tik %8ra jausi zen.

El proyecto de Irrupción Voluntaria del Embarazo (IVE) deritzoteraren bidez, ospitale publiko zein pribatuetan haurdunaldia eteteko aukera legeztatu nahi da, hurrengo kasuetan: haurdunaldiaren lehen 14 asteen barruan aurkitzen bada edota denbora epeez haraindi, bortxaketa kasuetan, emakumearen bizi edo osasun fisiko, emozional edo soziala arriskuan bada eta azkenik umekiak malformazioa larriak baditu. Aipatu beharrik ez dago beraz, gaurko honetan Senatu argentinarrean bozkatuko den legearen garrantzia. Baina badirudi, ez dela aurrera aterako. Hau jakin arren, Carinak dio milaka eta milaka emakumek lotan igaro dutela bart gaua Buenos Aireseko erdigunean eta gaur egun osoan zehar bihar goizean goiz arte (bozketa eta eztabaidak gau osoa iraungo du) han segiko dutela. Argentinan azken urte luzeetan gauzatu den protestarik zabal eta jendetsuena bizitzeko aukera izango dugula esan digu.

Brigadaren lehen geltokia ATE sindikatuko egoitzetako bat izan da. Bertan, brigadistoi harrera egiteaz gain, sindikatuko zenbait emakume militanteekin batu eta prozesu guztiaren inguruan duten ikuspuntua azalduko digute, jarraian mobilizazioetara urreratzeko. Lehen kontaktua beroa izan da, kide ezberdinak ezagutu, agurtzerako orduan bi mosu ordez bakarra ematen dela ikasi, eta oroimenerako argazki bat ateraz.

 Jarraian Nadia eta sindikatuko beste zeinbat emakumeekin elkartu gara. Nadiak dio olatu hau, aurretik zetorren mugimendu feministaren bultzadarekin, geldiezina dela, eta are gutxiago geldituko duela besteak beste atzerakoi, ‘faszistoidez’ eta koldarrez osaturiko bilkura anakroniko batek. Gainera, eztabaida orokorretan aipatzen ez den ideia interesgarri bat azaldu digu: klase identitateak gatazka honetan duen garrantzia. Bere hitzetan, zaila izango da abortua legeztatuz soilik arazoa konpontzea. Argentinan egoera sozio ekonomikoa zinez larria den honetan, klase xumeetako kide direnek nekez gauzatu ahalko dute gaur lor dezaketen eskubidea ez badute aukerarik, baliabide falta medio, ospitalera garaiz heltzeko (edota, behin bertaratuta, ospitaleak hura gauzatzeko ezinbestean eduki beharko lituzkeen baliabideak ez baditu). Horregatik, sindikatuko kideek abortu eskubidea genero ikuspegi batetik borrokatzeaz gain, ezinbestekotzat jotzen dute borroka klase ikuspuntu batetik ere jorratzea. «Giza eskubideak aurrera eramateko, sozialak ere konkistatu egin behar ditugu» dio Nadiak. Ideia hori eztabaidara gehitzeko borrokan ari dira gure gaurko anfitrioiak. Eta ez hori bakarrik, oroitu behar dugu, egun hauetan abortuaren eztabaida komunikabide zein kale eta etxe guztietako eztabaiden epizentro den bitartean, Macriren gobernuak, subiratonasun nazionala kolokan jartzen duten zenbait erabaki gauzatzen ari dela: kapitalen handien ihesa, armada estatubatuarraren esku hartzea Patagonian eta Muga Hirukoitza deritzotenean, Ejerzito Nazionalaren okupazio zitala multinazionalen mesedetan, lanpostuen galera, lan eskubideen urraketa… Distrakzioaren estrategia.

Elkarrizketa interesgarri honen ondoren, kideen eskutik mobilizazioetara abiatu gara. Metroan sartu orduko ohartu gara Argentinan gertatzen ari dena ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Bagoian ia ezin da arnasarik hartu, inguruan hamarnaka emakume gazte, arropak, betileak, aurpegiak kolore orlegiz margoturik dituztelarik, eskuetan «saquen sus rosarios de nuestros ovarios» bezalako kontsignak dituzten kartelak daramatzate. Ordea, metrotik irten bezain laster konturatu ginen gertaeraren benetako dimentsioaz. Metroko pasabideetan ehunka zirenak orain milaka dira. Kaleetan zehar mugitzeko zailtasunak ditugu. Honek ez du Euskal Herrian ikustera ohituta gauden ’mani” tipiko batekin antzekotasunik, hau beste zerbait da. Parlamentuaren inguruko kale guztiak jendez lepo daude, hara eta hona, kantuan, dantzan, janari zein barietate postuetara urreraturik, batukadak, emakumeak bozgorailuak ahoan jendartea girotzen... Errebindikazio printzez zipriztindutako ospakizun itzel honen lekukooi gehien harritzen gaituen zantzua horixe da: jendeak transmititzen duen poza. Orain arte esan ez dugun arren, metroko ahotik irten garenetik ez dio euria egiteari utzi. Eta manifestariek, gaurko bozketa ziurrenik galdu egingo dutela badakiten arren, bigarren neguko gau hotz eta euritsua protestan igaroko dute.

Bitartean gure buruetan ideia bat forma hartzen ari da: «hauek ez dute galdu, hauek garaipen bat ospatzen ari dira». Kontzientziaren garaipena, geldiezina. Lehen aldiz, milaka emakume gazte euren gorputzen subiranotasuna exijitzera irten dira Argentinako kaleetara. Gaur zein hilabete hauetan bizitakoa ziur aski ez dute sekula ahaztuko, eta ez dute gogoratuko garaituak izan zirenik, baizik eta borroka oraindik ez dela amaitu. Guk, momentu historiko baten lekuko izatearen pribilejioaz jakitun, unea betikotzeari ekin diogu.

 Gu, jardunaldi historiko honen benetako protagonistak agurtu eta deskantsu bila abiatu gara, brigadaren lehen egun honetan, jada nolabaiteko asebetetze sentsazio batekin.