Askapenak Mallorcan abiatu du Herrialde Katalanetako brigadaren bidaia

Herrialde Katalanetako Askapenako brigada Balear uharteetan lehorreratu da eta Mallorcatik eman digute lehen bizipenen berri.

NAIZ+|2018/09/07 08:18
Ezkerra_independistako_kideekin_voltor_negre_casala
Askapenako kideak Mallorcako Ezker Independentistako koordinazioko kideekin.

Aurten balear uharteak gainontzeko lurraldetik banatzen dituen itsaso zatia lehen aldiz zeharkatu du Herrialde Katalanetako brigadak. Bertan, erakunde ezberdinen eskutik, distantzia fisiko hau horretara bakarrik mugatzen ez dela ziurtatu dugu. Uharteak Herrialde Katalanen barne dira baina euren artean ez dute artxipelago nortasun bateratu bat, baizik eta irla bakoitzak bere identitate propioa garatu du.

Uharteak lau irla ezberdinez osatuta daude: Mallorca, Menorca, Ibiza eta Formentera, hauetan garrantzitsuenak lehen biak izanik. Frankismo garaitik hona denek jasan dute, orokorrean itsaso Mediterraneko kostak bezala, turistifikazioa. Hau, ordea, maila ezberdinetan eman da. Ibizak eta Mallorcak gogorrago pairatu dute lurraldearen suntsipena eta eraikuntza masiboa besteak beste, 60.hamarkadatik esleitu zitzaielako Europa iparraldeko turisten erretiro paradisu papera. Menorca aldiz, beranduago batu zen eginkizun honetara, izan ere, 1936ko altxamendu faxistan errepublikaren alde mantendu zen eta honen ondorioz, turismoak ematen zuen diru sarreretatik baztertu zituzten zigor moduan.

Gure egonaldia Mallorca uhartean burutu da, Palma hirian hain zuzen ere, eta bertan izandako elkarrizketen bitartez irlari buruz atera ditugun ondorioak lekuan lekukoak dira.

Turistifikazioak uharteak gogorrago jotzen dituen heinean borroka ekologistak garrantzi handia izan du bertan, borroka honetan erreferente nagusia GOB (Grup d’Ornitologia Balear) litzateke. Erakunde hau 70. Hamarkadan sortu zenetik euren eginkizunak aldaketa bat jasan du. Hasieran bertako fauna eta bereziki hegaztiak ikertzen zituzten, eginkizun horretan zebiltzala natura bere osotasunean babestearen aldeko kontzientzia piztu zen eta ordutik hainbat borroka ekologista zuzendu eta babestu dituzte. Horietako batetik sortu zen Sa Dragonera uhartea babesteko bideratu zen okupazioa. Irla honetan hainbat hotel eta kasino bat eraiki nahi zituzten baina proiektu hori gelditzea lortu zuten uhartea parke natural izendatzearekin batera. Denbora aurrera joan ahala, leku konkretuak babesteko borrokak uharte osora zabaldu dira eta borroka orokortu da, orain, eredu turistiko ustiatzaile eta kolonialaren aurka dihardute. Gaur egun bertan ematen den “monocultibo intesivo turístico”-aren erantzun gisa kontsumoaren eta turismoaren desazkundea planteatzen dute.


Irlako hazkunde ereduak arlo kulturalean ere eragina izan du irla honetan, honen berri eman ziguten OCB (Obra Cultural Balear) elkarteko kideek. XX. Mendean Palmako Joan Alcover idazle eta poetaren semeak sortu zuen elkarte hau kultura katalanaren inguruko beste hainbat gizonekin batera. Ordutik bertako kultura eta hizkuntza defendatzen eta sustatzen dihardu eta gaur egun elkartea Ramon Llull federazioaren parte da Omnium eta Acció Cultural Valencianarekin batera. Frankismoan eman zen isilune kulturalaren ondoren, 60. hamarkadan katalana ikasteko ikastaroak antolatu zituzten, honi esker hizkuntza berrindartuz. Horrez gain, hurrengo hamarkadetan, aldizkari, telebista edo irratietan hizkuntza zabaltzeko lan handia egin zuten. Trantsizio garaian lan instituzionalean jardun zuten, estatutu eta hizkuntza araudietan bereziki. 90. hamarkadan gorakada bat jasan zuen, honen harira gazteek elkarte propioa sortu zuten eta hauek, Correllengua (gure Korrika antzeko ekimen bat) bultzatu. Orduan izan zen erakundeak herri mugimendu izaera hartu zuen garaia, 2000. urtean instituzioekin haustura eman zuten arte.

PP-ren gobernuaren ildo españolista gogorrenak indarra hartzean hizkuntzaren inguruko neurriak gogortu zituzten, besteak beste 2012.urtean hezkuntza lege berria sortuz. Lege honen ondorioz katalanez ziren hedabide publiko garrantzitsuenak itxi zituzten eta hezkuntzan, gaztelaniarekin berdindu zen. Erreforma hauen erantzuna masiboa izan zen hezkuntza munduko pertsona zein gizartearen aldetik, hau, oraindik irlako herri mugimenduaren garai indartsuena bezala ezagutzen da.

 Bestalde, Grup de support llibertat Valtonyc plataformarekin bildu ginen eta Mallorcako rapero honen errepresio kasua ezagutu genuen. Honen egoera azaldu eta adierazpen askatasunaren alde egiten duten borroka erakutsi ziguten taldearen partaideek. Ondoren Palmako Asablada Antipatriarkalarekin bildu ginen hiriko mugimendu feministaz hitz egiteko. Azken urteetan izandako garapena eta gaur egungo egoera ezagutzeaz gain, dituzten auzipetuen kasua ere azaldu ziguten. Aborto eskubidearen aurkako legea salatzeko ekintza gisa Palmako katedralera sartu ziren militante feminista batzuk eta hauetako batzuk salatu eta zigortu ditu Palmako auzitegiak. Gaua eltzean borroka eta festa batuz Voltor Negre Casal-aren urteurrena ospakizunera joan ginen, Arranek antolatua. Bertara kalez jantzitako pikoletoak eta polizia azaldu ziren preso politikoen aldeko eta turistifikazioaren aurkako pankartak kentzera. Hala ere, aurre egin zitzaien eta ezin izan zituzten eraman.

Amaitzeko, Alacantera itzuli aurretik, Mallorcako Ezker Independentistako koordinazioko kideekin bildu ginen tokiko errealitate politikoa ezagutzeko. Mallorcako errealitatearen berezitasunak aintzat hartuta bertako ezker independentistak, ostera Procès Llevant deituko zitzaion, hausnarketa prozesu bat martxan jarri zuen 2016an. Prozesu honetan belaunaldi arteko amildegia murrizteaz gain, oinarri soziala zabaldu eta mugimenduaren maskulinizazioari aurre egin nahi zitzaion. Bertan Mallorcako ia 100 lagunek parte hartu zuten, izan ere, prozesua irla honetara mugatzen delako eta ez uharteen osotasunera. Euren erronka nagusiak turistifikazioaren aurkako mugimendua indartzea, mugimendu feministan eragitea eta gazte mugimendua sendotzea dira. Gainera, aipagarria da esatea, mugimenduaren desmaskulinizazioaren bidean neurri zuzentzaile bat sortu dela: batzorde feminista. Organo honek du soilik beto eskubidea erabiltzeko gaitasuna.

Mallorcan ikusitako guztia motxilan sartuta, Alacanterako bidean hainbat ondorio ateratzeko aukera izan dugu. Besteak beste, lurraldetasunaren arloan dauden erronkan, turistifikazioak Euskal Herrian ere izan ditzakeen ondorioak, lurraren defentsaren garrantzia, baldintza kaskarretan mugimenduaren kohesioari eusteko gaitasuna eta instituzioen mugak agerian gelditu dira.