NAIZ+

MungÍa, GUerniCa eta SIMÓN - BOLÍVAR Vueltaren Euskal Herriko etapan

Irailaren 12an Euskal Herrian izango da Vueltaren 17. etapa. 157 km eta igarobide berezi samarrak ageri dira antolakuntzak zabaldu duen informazioan. Izenik gehienak euskaraz ageri diren arren «Guernica», adibidez, gazteleraz ageri da, Mungiari zentzurik gabeko azentu-marka ezarri diote eta udalerri berri bat ere asmatu dute: «Simón-Bolivar»

Simon-bolivar-Vuelta
Simon-bolivar-Vuelta

Uztailean Tourra bezala, asteazkenean Vuelta iritsiko da Euskal Herrira. 157 kilometroko etapa izango da Getxo eta Oizko gainaren artean. Webgunean etapa bakoitzaren inguruko zehaztapenak jaso ditu txirrindularitza proba honen antolakuntzak eta badirudi euskal herrien izenei ez diela behar bezain txukun begiratu.

MungÍa: Azalpen bideoan ikus daiteke leku izen gehienak honen forma ofizialean jaso dituztela. Ez, ordea, Mungia. Zentzu askorik gabe gehitu diote honi azentu-marka. Izen ofizialean ez du halakorik, noski, eta gazteleraz irakurtzeko moduan idazten hasita ere 'u' bat behar luke.

GUerniCa: Begitara mina ematen duen hurrengoa Gernikaren izendatzea da. Bideoan modu horretan ageri den arren, etaparen profilean eta ordukako iragarpenean zuzendu dute eta Gernika ageri da (izen ofiziala Gernika-Lumo da).

Simón - Bolívar. Gaztelerara eraman nahitik harago, eta gehien harritu gaituena, halere, Ziortza-Bolibar udalerriaren berrizendapena da. Ezaguna da Simon Bolivar 'askatzailea'-ren familiak bertan zuela jatorria baina Vueltako ordukako igarotzeen inguruko azalpenean diote lasterketa 17.06 eta 17.32 artean Simón-Bolívar izeneko herri batetik pasako dela...

Mapari ahal dela ez iezaiozue begiratu, topatuko baitituzue bestela 'Lequeitio' edo 'Achondo'.

Herrien izendapenak harridura sortu du zale batzuengan:

Aldarrikapen eguna izango da asteazkenekoa Vueltaren iritsiera dela eta eta pentsatzekoa da zaleek errespetu gehiago izango dutela lasterketarekiko, honen antolakuntzak euskara eta Euskal Herriarekiko baino.