NAIZ+

«Castilla la vasca» edo «Albatxete»

Lakuako turismo sailaren azken eskuliburuak zalaparta sortu du, izan ere, Estatu espainolaren erdialdean kokatu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.

Zeresana eman du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ezagutzera emateko Lakuak argitaratutakoa azken eskuliburuak. Basque Country izen ponpoxoa daraman arren, Gasteiz, Donostia eta Bilbo hiriburu dituzten hiru herrialdeei so egiten die argitalpenak. Bat baino gehiago gogaitu du izendapenak, oraingoan baina, gure lurraldearen kokagunea izan da hizpide nagusia. Ikusi mapa, begiratu arretaz, izan ere Kantauri itsasoari agur esan eta Teruel, Cuenca eta Madrilekin egiten du muga gure herriak.

Sare sozialetan azkar zabaldu da irudia eta soka luzea ekarri du. Umorea lagun, zatikatutako gure lurraldea «Castilla la Vasca» edo «Albatxete» moduan izendatu dituztenak daude, baita Bilbo nahi duen lekuan dagoela defendatzen dutenak ere.

Martin Klitto Twitter erabiltzeak lupaz begiratu du liburuxka eta bigarren edizioaren aurrean gaudela ohartu da. Galdera derrigorrezkoa da: «Aurrekoan ere gaizki zegoen eta ez dute zuzendu? Edo lehenengoan ondo zegoen eta orain mugitu egin gara?»

Alfredo Retortillo buru duen Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak onartu du akatsa eta ‘Noticias de Gipuzkoa’ egunkariaren arabera mapa dagoeneko zuzendu dute.

Aturritik Ebroraino hedatzen den herri honen herritarrak gogaituak daude euren aberriaren izendapenarekin, izen bera erabiliz batzuetan zazpi herrialde besteetan hiru edo lau adierazteko ariketekin. Oraingoan gainera, Basque Country izen ponpoxoa erabili du Lakuak hiru herrialde aintzat hartzeko.

Gogoratu beharra dago, joan den maiatzaren 4an Kanbon egitekoa zen bakerako nazioarteko ekitaldian Lakuaren ez egotea arrazoitzeko orduan emandako azalpena, izan ere, Josu Erkoreka EAEko Gobernuko bozeramaileak Kanbo «Euskaditik» kanpo zegoela esan zuen gonbitari muzin egiteko.