Hiart, hezur-muin emaile bila

Leuzemia diagnostikatu berritan, hezur muin emaileak bilatzeko kanpaina jarri du abian. Sekulako erantzuna izan du sarean eta «hunkitua eta harritua» dago Hiart. NAIZek berekin hitz egin du.

Oihana Llorente|2018/10/26 10:54
Captura_de_pantalla_2018-10-24_a_las_20
Hiart onostia Unibertsitate Ospitalean, hematologiako unitatean dago ingresaturik.

41 urte beteko laster ditu laster Deban jaio baina Elgoibarren bizi den Hiartek. Udako oporrak amaituta, nekatua eta ahul abiatu zuen ikasturtea. Gripe bat izango zelakoan joan zen medikura, eta hamaika analisi eta froga ostean leuzemia diagnostikatu diote. Urriaren 10ean eman zioten zorigaiztoko albistea eta ordutik, Donostia Unibertsitate Ospitalean, hematologiako unitatean dago ingresaturik. Kimioarekin artatzen ari dira egunotan, baina prozesu luzea du aurretik, eta hezur-muinaren transplantea egitea aurreikusten dute. Ebakuntza egin ahal izateko, baina, hezur-muin emaile bila dago.

Bere lehengusina Mirenek egin zuen lehen deia eta Facebook erabili zuen eskaera egiteko.

Urriaren 23a, asteartean egin zuen lehen dei hura, eta mezuak izugarrizko zabalpena izan du hiru egunetan mila aldiz partekatua izan ondoren.

Hiart «hunkitua eta harritua» dago erantzunarekin. Ez da sare sozialen oso zalea eta zur eta lur gelditu da herritarren erantzunarekin. «Ospitalean nengoela hamaika mezu jaso nituen mezua partekatu eta berehala, izugarria izan da», adierazi dio NAIZi Donostiako erietxetik.

«Gogorra» izan zen diagnostikoaren berria izatea; «koadrilako lagun bat medikua da eta hari deitu nion nekea eta ahulezia zela eta, gripea zelakoan», dio. Analisiek ordea, ez zuten zalantzarako tarterik utzi eta ospitalean bertaratu behar izan zuen urriaren 10ean bertan. Ordutik bertan da, leuzemiari aurre egiten.

Kolpea asimilatuta eta gelan ondoan duen Begoñarekin batera otu zitzaion hezur-muin emaile bila hastea; «Begoñaren alaba oso iaioa da sare sozialen kontu honetan eta berak animatu ninduen», azaldu du. Hiartek ezer gutxi zekien sareen funtzionamenduaz eta Miren lehengusina hartu zuen ‘community-manager’ eta dirudienez ondo baino hobeto bete du bere funtzioa.

Miren ere harrituta dago «Jo ta ke, irabazi arte!» amaiera duen mezuak izan duen erantzunarekin eta Facebookeko mezu zerbitzua kolapsatua izan duela aitortu digu, «asko eta asko dira harremanetan jarri direnak», dio pozarren.

Sareetan zabaldutako mezuan azaltzen duen moduan, emaile egitea ez da batere zaila eta ez da kaltegarria edo arriskutsua emailearentzat. «Gaur egun era seguruagoan eta errazagoan egiten dira transplanteak, odol bidez edo galdakako hezur muin bidez», zehazten du.

Hiartek argi du orain izena ematen ari diren horiek ez diotela zuzenean lagunduko, «baina ni ez banaiz ere, beste pertsona bat salbatuko dute. Nire helburua jendeak kontzientzia hartzea da», dio seguru. Erraza da hezur-muin emaile egitea, hemen duzue aukera.