Gure Zirkuaren magia itzali da

Ia ehun emanaldiren ostean, Gure Zirkuak karpa bildu eta amaitutzat eman du bere lehen bira.

NAIZ+|2018/10/29 09:24
Loading player...

Gure Zirkuak agur esan digu. 97 emanaldi, 25.000 ikusle, hamabi herri eta lau hilabeteren ostean, euskal artisten topagunea izan den Gure Zirkua bere karpa jaso eta agurtu da.


Arte diziplina ezberdinetako artistekin gozatzeko aukera aparta eskaini du euskaraz eta Euskal Herrian sortu den lehen zirku honek. Erabat arrakastatsua izan den birak amaitutzat eman du bere bidea Donostian.

Ekainean abiatu zuen bira Amezketan, eta herriz herri ibili ostean, azken ikuskizunak Donostiako Saguesen ezarritako karpan eman ditu. Hasiera batean 18 ikuskizun aurreikusi bazituzten ere, 24 egin behar izan dituzte Gipuzkoako hiriburuan. Jasotako harrera izugarria izan da, salgai jarri eta 12 ordutara saldu baitzituzten Donostiako lehen 4.000 sarrerak.

Malabarista, magoa, trapezista, pailazoak… denetarik eta denentzako zuen Gure Zirkuak, haur zein helduak gozaratzeko asmoz. Egondako herri guztietan sekulako harrera jaso du Gure Zirkuak; hala aitortu zuten, bederen, sare sozialetan udaran zehar ikusle izan direnetako askok. NAIZen iritzi guzti horiek biltzen ahalegindu ginen.

Tradizio nomadan oinarritutako Gure Zirkua proiektuaren atzean Iker Galartza aktorea dago, beste askoren artean. Galartza zirku zale amorratua izanik, hainbat herrialdetako zirkuak ezagutu ostean karpa erosteko urratsa eman zuen Gure Zirkua egia bilakatuz. GAUR8k Gure Zirkuaren karpan sartu eta bere sekretuak azaldu zizkigun.