Lehen Mundu Gerra, Ipar Euskal Herriaren begietatik

Lehen Mundu Gerraren kontakizun ofiziala zalantzan jarri nahi duen obra taularatuko dute Bernart Etxepare Lizeoak, Bertsularien Lagunek, Zizpa Gaztetxeak, 1609 eta Epaiskak elkarteek.

NAIZ+|2018/11/08 10:08
Loading player...

Armistizioa sinatu zenetik 100 urte beteko dira igandean, eta Lehen Mundu Gerraren bukaera ospatzeko milaka ekimen izanen dira Europan. Ipar Euskal Herrian aldiz, Estatu frantsesak euskal herritarrak Frantziaren alde borrokatu zirela aldarrikatzen duen bitartean, Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan intsumiso eta desertore anitz eta gerrara behartuta joan ziren gizon asko daudela erakutsi nahi dute. Bost elkarte bildu dira helburu horrekin eta ‘Euskal oroitzapena, itzaletik argira’ ikuskizunaren bidez eman dute argitara.

Larunbatean izango da Baionako antzokian eta Bernart Etxepare Lizeoko, Bertsularien Lagunek, Zizpa Gaztetxeak, 1609  eta Epaiskak elkarteko kideak taularako dira elkarrekin egindako sorkuntza plazaratzeko.

Bernart Etxepare Lizeoko ikasleek bideo hau zabaldu dute sare sozialetan jende bertaratzea animatzeko.

Antzerkia, kantua, dantza eta bertsoak

Antzerkia Gaizka Sarasolak idatzi du, eta proiektuaren inguruan bildu den jendeak antzeztuko du. Seaskako Bernart Etxepare Lizeoko ikasleek sortutako dantza taula gainean eskainiko dute. Bertsoak Sustrai Colinaren eta Amets Arzallusen eskutik helduko dira, ikusiko dutenaren inguruan inprobisatuko baitute. Gorka Knörr eta Nat eta Watson musikariak ere izango dira. Antzerkia, kantua, dantza eta bertsoak elkartuko ditu beraz, ikuskizunak.

Ikuskizuna bideoan grabatuko da, bertan bildutako ezagutza zabaldu ahal izateko. Ikuskizuna egiteko bildu den informazioa oinarri hartuta 1609 elkarteko kideak, bereziki Ibai Telletxea, liburua prestatzen ari dira. Artxiboetan lortutako informazioarekin, elkarrizketekin, eta abar osatuko dute obra.