Tesia sei txiotan azaltzeko gai bazara, Txiotesia da zure lehiaketa

Euskal ikertzaileei izen-abizenak jartzea eta egiten dituzten lanak gizarteratzea da gaur laugarren edizioa duen Txiotesia lehiaketaren helburua.

NAIZ+|2018/11/20 12:47
Naizplus
Lehiaketan erabilitako zenbait irudi.

Udako Euskal Unibertsitateak Txiotesia Twitterreko lehiaketaren laugarren edizioa jarri du martxan gaur. Euskal ikertzaile gazteei zuzendutako ekimen honetan parte hartzaileek sei txiotan eta euskaraz laburtu beharko dute tesia.

Goizeko 9.00etatik iluntzeko 21.00ak arte dago abagunea eta #txiotesia4 traola erabili behar da. Lehiaketak bi sari banatuko ditu: Txiolari ulergarrienak 500 euro jasoko ditu, eta Txiolari originalenak 300 euro.

Euskal ikertzaileei izen-abizenak jartzea eta egiten dituzten lanak gizarteratzea da lehiaketaren helburu nagusia, hala adierazi dute UEUko iturriek prentsa ohar bidez. Orain arte antolatu diren hiru edizioetan 160tik gora ikertzailek hartu dute parte erronkan.

Epaimahaiak txioen balorazioa egingo du, eta ondoko hauek osatuko dute: Iñaki Alegria Informatikako doktore eta UEUko zuzendari ohiak, Pili Kaltzada komunikazioan aditu eta UEUkideak, Josu Lopez-Gazpio Kimikako doktore eta zientzia dibulgatzaileak, Uxune Martinez Soziologia eta Politika Zientzietako lizentziatuak eta Asier Sarasua biologo, filologo, ikertzaile eta UEUkideak.

Existentzialismoak eleberrian izan duen eragina, eugenesia berria eta zuzenbideaz, zuhaitz errotuen automorfismoaz edo espermatozoideen kalitateaz mintzo dira tesi horietako batzuk. Lehiaketan parte hartzen ari diren guztiak, HEMEN.