‘Gure genealogia feministak’ liburutik, pantailara

Emakumeen Mundu Martxak Bilbon egindako XI Nazioarteko Topaketen harrera ekitaldirako editatutako bideoa eta sarean dago orain.

NAIZ+|2018/11/27 12:15
Loading player...

Ikerlarien antzera, euskal feminismoaren arrastoaren atzetik, hemeroteka, artxibo eta emakumeen ahoetan hamar urtez bildutako memoriak ‘Gure genealogia feministak Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat’ liburuan iltzatu zituzten 2015ean. Euskal Herriko mapa morea koloreztatu eta euskal mugimendu feminista azken lau hamarkadotan bizi-bizi egon dela frogatu zuten bertan.

Orain liburua eskuartean, ikerketari zuku ateratzen jarraitzen dute eta ‘Gure genealogia feministak’ liburuak jasotzen duen Euskal Herriko mugimendu feministaren kronikaren laburpena egin dute bideo honetan.

Emakumeen Mundu Martxak XI Nazioarteko Topaketen harrera ekitaldirako prestatu zuten laburpen bideoa eta sarean jarri dute orain, guztion gozamenerako.

1960ko hamarkadatik hasi eta gaur arteko talde, aldarrikapen eta ekimen feministak biltzen saiatu ziren 600 orrialdeko ‘Gure genealogia feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat’ liburuan.

Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro feministaren eta Euskal Herriko Bilgune Feministaren eskutik sortu zen Euskal Herriko feminismoen kronika jasotzeko beharra eta  Miren Arangurenek, Edur Epeldek eta Iratxe Retolazak ondu dute liburua.

Feminismoak Euskal Herrian izan duen ibilbidea jasotzen du bideo zein liburuak, hasieran asanbladan oinarritutako antolakuntza batetik, behar berrietara eta  militantzia ulertzeko moduetara egokitzen joan da tokian toki. Emakumeen interes desberdinetara, saretzeko eta antolatzeko moduetara, teknologia berrietara..