Tradizioa eta berritasuna aurrez aurre, Korrikaren abestiak eragindako ika-mikan

Euskal Herrian tradizioak haustea zein nekeza den erakutsi du enegarrenez Korrikaren abesti berriak. Trap, dancehall, hip-hop eta euskal tradizioko doinuak nahasten dituen kantak sare sozialak asaldatu ditu, nahiz eta geroz eta gehiago dira ausarta eta berritzailea delakoan proposamena txalotzen dutenak.

NAIZ+|2018/12/03 11:03
Loading player...

Zalaparta eragin du 21. Korrikaren kantak eta bideoak. Mad Muaselek, La Furiak eta Fermin Muguruzak elkarlanean egindako abestia ostegunean aurkeztu zuen AEK-k eta ordutik sare sozialak sutan dira.

Youtubeko AEK-ren kanalean abestia zintzilikatu eta berehala hasi ziren kritikak. 250 iruzkin baino gehiago bildu dira lau egunetan. Bertan, baina, gehienak aurkako iritziak dira. «Zer demontre da hau? ze ostia da hau?» edo «Korrikaren historiako abestirik txarrena» dela irakurri daiteke iruzkinetan.

Trap, dancehall, hip-hop eta euskal tradizioko doinuak eta dantzak nahasten dira abestian eta horrek askoren harridura eta haserrea eragin du. Asaldatuta irakurri dugu bat baino gehiago. Iruzkinak egin dituzten askok umeak dituzte ahotan eta haiekin lantzeko abesti zaila dela iritzi diote. Dantzak eta estetika desegokiak iruditu zaizkie beste batzuei eta askok abestia aldatzea ere galdegin dute.

Youtubetik Twitter eta Facebookere ere egin du salto kalapitak. Bi sare hauetan, ordea, ausarta eta berritzailea delakoan asko dira Mad Muaselek, La Furiak eta Fermin Muguruzak elkarlanean egindako abestia defendatu dutenak.

Fermin Muguruza abeslaria ere sare sozialetan mintzatu da sortutako eztabaidaren harira. Euskal Herrian konbentzio eta kontsentso zaharrak apurtzea zein nekeza izan den argi utzi nahi izan du.

Kantak eragindako kritikei kritika egiten dietenak ere badira.

Iritziak iritzi, Korrikaren abestia ahoz aho dabil eta lau egunetan, Youtuben bakarrik, 165.000 ikustaldiak gainditzea lortu du. Eta zuk, zein iritzi duzu?