Euskal Herria harrera herria izan dadin sinadura bilketa abiatu da

Pertsona migratzaileentzat duintasuna, eskubideak eta alternatibak galdeginez sinadura bilketa abiatu du Irungo Harrera Sareak.

NAIZ+|2018/12/06 10:08
Irun-harrera-sarea
Irungo Harrera Sarearen elkarretaratzea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

‘Euskal Herria harrera herria’ goiburua duen manifestua idatzi du Irungo Harrera Sareak eta sinadura bilketa abiatu dute sarean. Bertan politikariei harrera duin eta integral iraunkorra eskatzeaz gainera, «arazoei konponbideak jarri eta arazo berririk ez sortzea» galdegiten diete. Aldarri hau zabaltzeko manifestaziorako deia ere egin du sareak eta urtarrilaren 26an arratsaldeko 17.00etan ipini du hitzordua. Transitoan dauden pertsonei elkartasuna adieraztea izango da manifestazioaren helburua.

Zehazki, eskubideak bermatu eta alternatibak sortuko dituen migrazio politika garatzea eskatzen diete instituzioei idatzian, giza eskubideen errespetua eta pertsonen zirkulazio askea aldarrikatzen duten bitartean.

Munduko potentzia ekonomiko nagusiek, Afrikan eta «gaizki izendutako hirugarren munduan», egiten dituzten espoliazio eta arpilatze politika neokolonialistak ere irmoki salatzen dituzte idatzian eta politika hauek milioika lagun miseria edota emigraziora eramaten dituztela deitoratzen dute.

Era berean, euren etxea eta herria atzean utzita, gurera iristen diren pertsonentzako errespetua eskatzen dute. «Inork ez du bere edo bere seme-alaben bizitzak arrazoirik gabe arriskuan jartzen», gogoratzen dute idatzian, «beroan egiten diren itzulketak» salatzearekin batera.

Irungo Harrera Sarea orain zazpi hilabete jaio zen, dozenaka lagunek eta eragilek indarrak batu eta Irunen biltzen ari ziren pertsona migrantzaileen alde lan egiten hasi zirenean. «Elkartasunez ari gara, ez karitateaz, elkarrekiko babesaz, bestearen azal eta begietan errekonozitzeaz. Gizatasunez eta justiziaz ari gara», diote sareko kideek.

Irundik igaro diren ehunka gazte hauei laguntzeko antolatu eta autogestionatu dira herritarrak. Instituzioak, baina, «berandu eta gaizki» jokatu dutela iritzi diote.

DUT rock talde hondarribiarraren hitzak aurki daitezke sarreran, itsasartea zena amildegia bihurtu dela sostengatuz. Amildegi hau baina txiiagoa egitea, ostera, guztion esku dagoela iritzi dio sareak eta Euskal Herriaren historia harrera pasarteetaz beterik dagoela ekarri du gogora.