AHTaren aurkako borrokan, Fermin deuna aliatu bihurtu du Mugitu! taldeak

Urte berriarekin batera, Fermin deunarengana jo du Mugitu! AHTaren aurkako mugimenduak borroka horretan lagundu dezala eskatzeko.

NAIZ+|2019/01/02 10:08
Loading player...

«Entzun arren sanfermin, zu zaitugu patroi, bultza gure borroka, aht gelditzeko!» hala abestu diote Iruñeako santu ezagunari.

Komunikabideei igorritako oharrean, Mugitu mugimenduak urte hasieran ipini nahi du «AHTa gelditzeko behar den denboraren atzera kontaketa». «Gainera ez dugu gero ‘gaixoa ni’ abesten egon nahi», diote AHT-k ekar ditzakeen ondorioak biltzen dituzten ikerketak aipatuz.

2019a hasi berritan, mugimenduaren iritziz «aunitz dira gure jendarte eredua aldatzeko premia islatzen duten zantzuak (aldaketa klimatikoaren ebidentziak, lehengaiak ustiatzeko gerrak, plastikoaren krisia, herrialde aberastuetakoak ez diren herritarren zapalketa eta eskubideen ukazioa, migratzeko eskubidea kasu…)», diote oharrean. Hala ere Estatu espainoleko zein Nafarroako agintariak «euren itsukerian tematurik» jarraitzen dutela salatu dute.

«Ongizatea, abangoardia, modernitatea, aitzindaritza, berrikuntza, jasangarritasuna... haien ardatz direla sinitsarazi nahi digute baina ustelkerian leporaino murgilduta daude», salatu dute. Bestalde, gogora ekarri dutenez, zaborren errausketarekin gertatu bezala, 2030erako indarrean sartuko omen den oinarrizko tren sareari buruzko Europako araudiak ez du abiadura handiko trenaren aldera jotzen, ohiko trenaren aldera baizik. «Gainera, onartu berri den trenaren liberalizazioaren ondorioz honetan ere gastuak publiko eta mozkinak pribatu bihurtu nahian jarraitzen dute», deitoratu dute.