NAIZ+

Jarduera fisikoa mugarri izango dute aurtengo Euspot sariek

«Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!» leloa izango du aurten euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko banatzen diren Euspot sariek. 

euspot
euspot

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko banatzen dira Euspot sariek 8. edizioa dute dagoeneko eta aurtengoan jarduera fisikoa sustatzea hartu dute xede.

Zehazki, «Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!» izango da aurtengo edioko gaia. Izan ere, Euspot lehiaketak jarduera fisikoaren inguruan hausnarketa egin nahi du. Lehiaketan parte hartzen duten spotek jarduera fisikoak eskaintzen dituen onura fisikoak, psikologikoak eta sozialak nabarmendu beharko dituzte.

Jarduera fisikoa, alabaina, bere zentzu zabalenean ulertuta, «energia kontsumitzen duen gorputzeko borondatezko mugimendu orori» erreferentzia egin nahi du lehiaketak. Gizarte aktiboago bat sustatzea da azken helburua.

Parte-hartzaileek maiatzaren 15era bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan. Aurten, sari banaketa ekitaldia maiatzaren 30ean egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan.

Lehiaketaren aurkezpen ekitaldian ekimenaren sustatzaileak eta antolakuntza taldeko ordezkariak izan ziren. Tartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Aretxabaletako Udaleko euskara teknikari Ane Lore Estala, Mondragon Unibertsitateko ordezkari Goio Arana, Arizmendi Ikastolako ordezkari Gari Ibarzabal eta Artemaneko zuzendari Arantzazu Lagunilla. Beraiekin batera izan da Mugiment euskal gizarte aktiboa lortzeko egitasmoko Iker Etxeberria, gaiari buruzko iritzia ematen eta ikus-entzunezko sormen lehiaketari babesa eskainiz.

Zortzigarren edizioa du dagoeneko lehiaketak eta parte-hartzea gorantz doa, izan ere, iaz 73 lan aurkeztu ziren. Antolatzaileen aburuz, datu horiek gaur egungo gizartean ikus-entzunezkoen formatuak pizten duen interesaren lekuko dira.

Gazteek Euspotekiko duten atxikimenduaren isla gisa ere, lehiaketak jasotako bozka kopurua dela eman zuten aditzera agerraldian. 2018ko edizioan sei eguneko epean sarean 2.000 bototik gora eman zirela adierazi zuten.