Maite UBIRIA BEAUMONT

G7ko goi-bileraren zain... zurrumurruak eta txokolatea

Biarritzeko Herriko Etxeak zabaldu berri duen informazio bulegoak lan handia beharko du egin heldu den agorrilean izango munduko zazpi herrialde aberatsenetarikoen buruzagien bilkurak hirian sorturiko zurrumurruen soka luzeari aurre egiteko. 

Txokolatea. © Bob EDME
Txokolatea. © Bob EDME

Michel Veunac auzapezak sarritan nabarmendu du G7k Biarritzen egingo duen bilkurak onurak baizik ez dizkiola ekarriko hiriari. Horrela nabarmendu zuen agintari zentristak iragan urtarrilean gailurean aurrera emango duten segurtasun plana aurkezteko eginiko agerraldian.

Zehazki, bertako ekoizleek lehentasuna izanen dutela, hala nola mundu osotik helduko diren milaka delegatu eta kazetarien platera betetzeko orduan jakitera eman zuen orduan Veunacek. Alta, Lyongo digital batek berriki zabaldu duen «albisteak» berriz ere hankaz gora jarri du, beste hainbat erakundeekin batera, udalak martxan eman duen G7ren aldeko promozio kanpaina.

‘Le Progres’ digitalak otsailak 8an argitaratu zuen informazioa oinarri gisa hartuta sare sozialetan barra barra zabaldu zen Biarritzeko zein inguruko herrietako txokolate zale artean zapore mingotsa utzi zuen berria. Lyongo digitalak zabaldu zuenez, Voisin ekoizle famatuaren txokolateak atzemanen dituzte G7ko agintariek hirira helduko direnean jasoko duten opari otarrean. Hori jakin eta berehala haserre mezuak barreiatu ziren sare sozialen bitartez.

Baionako lagunak bereziki minduta agertu ziren Txokolatearen Hiriari tamainako mespretxua egiteagatik.

Suminduen artean, Florence Samson ingeniariak ulergaitza jo zuen «Euskal Herrian eskarmentu handiko artisauak daudela jakinik» Lyonetik txokolatea ekartzea G7ko ordezkariei plazerra egiteko.

Bata bestearen atzetik, txiolariek ustezko erabakia kritikatu zuten, tarteka historiari keinuak eginez. Hala, espainiar penintsulatik -horietatik anitz Nafarroa Garaitik- kanporaturiko juduen komunitateari ateak zabaldu zizkion hiriak mendez mende garatu duen «kalitate handiko txokolatea» egiteko maisutasunari gorazarre egin zioten hainbat txiolarik.

Hedabide tradizionalek berria berreskuratu ondoren, esamesak oraindik indar azkarragoz zabaldu ziren. Finean, Baionako suprefetak hitza hartu zuen gauzak argitze aldera. Hervé Jonathanek «gaizki ulertze» batetaz mintzatu zen. Izan ere, estatu ordezkariak baieztatu zuenez, abenduaren 18an G7ko bilera prestatzeko Biarritzen hamarnaka enbaxadoreekin antolaturiko bilkuran... Voisin-en txokolateak banatu ziren. Hau da, Biarritzetik 740 kilometrotara dagoen hiri batetik txokolatea ekarri zuten. Hautu zinez mingotsa.

Lurraldea balorean jartzea?

Suprefetaren esanetan, gailurraren denboran, ordea, «euskal lurraldea balorean jartzea» litzateke asmoa. Jonathanek esandakoaren arabera, «azkenean txokolatea oparitzea erabakitzen bada, Baiona eta inguruko artisau maisuek egindako txokolatea izanen da». Beraz... oraindik ez da ziur Trumpek Baionako txokolatea dastatzeko aukera ianen duela? Zalantza garratza...

Hori gutxi balitz, suprefetak ‘FranceBleu Pays Basque’ irratiarekin izandako solasaldian bigarren mezu kezkagarria utzi zuen. «Lurralde honen ekoizleek urrats bat aurrera egiten badute beraien produktuak lehenetsiak izanen direla» goi-bileran nabarmendu duen Hervé Jonathanek.

Tokiko ekoizle bat baino gehiagok zuhurki hartuko du suprefetaren adierazpena. Finean, estatu ordezkariaren hitzek aditzera ematen baitute G7ari begira nolabaiteko atxikimendu behar dela agertu goi-bilera horren denboran etekin ekonomikoak lortu ahal izateko.