Oihana Llorente

Greba feministari oles eginez

Musika, artea, umorea, haserrea, protesta, dantza...  kolore guztietako osagaien nahasketa izan da greba feministaren prestaketa. Aste hauek eman dutenaren bilduma txiki bat egiten ahalegindu gara.

Dantza, musika, umorea, aldarrikapena... denetarik izan da asteotan.
Dantza, musika, umorea, aldarrikapena... denetarik izan da asteotan.

Ostiralean, Emakumeen Nazioarteko Egunean, greba egitera deitu ditu emakumeak Euskal Herriko mugimendu feministak. Iaz proposatutako lau orduko bi lanuztetik, egun osoko greba egiteko jauzia emango dute Euskal Herriko emakumeek.

Auzo, herri zein eskualdeetan deitutako asanblada eta bilera ireki anitzetan josi da greba feminista eta makina bat ekimen egin dituzte han eta hemen grebari begira. Aurten gainera, bost ardatzetan antolatuko da greba: pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegu eta kontsumo 

Feminismoak musika lagun hartu du emakumeak grebara deitzeko egiteko honetan. Zaintza denon eginbeharra dela sostengatuta, amantala leihoan eskegi eta grebara lotzeko deia egiten zuen sare sozialetan agertu eta oihartzuna eskuratu zuen lehen abestiak.

Gasteizko abesbatza feminista ere buru belarri aritu da abestiak ekoizten eta aurrekoan aukeztutako ‘Zutik emakumeak, transak eta bollerak!’ abestiaren ostean, ‘Bella Ciao” abestia moldatu du orain.

‘La calle es nuestra otra vez’ abestiaren oihartzuna ere heldu da gureganaino.

Musikarekin batera, dantzak ere protagonismoa izan du greba feministaren atarian. Ikusi bestela IES Tierra Estella-Lizarraldea ikastetxeko ikasleek egindako ekimena.

Gasteizko Mariturri eskolako amek, ostera, Arrate Remon artista gasteiztarraren gidaritzapean, horma-irudi koloretsua egin dute martxoaren 8aren aitzakian, ‘Berdintasuna egunero eraikitzen’, lelopean. Muralak eskolako patioko sarrerako horma apaintzen du.

Kalea guztiona da ekimenak ere artea lagun hartuta, bat egin du greba feministarekin

Umorea ere lagun izan dute greba feministaren atarian. Beatriz Egizabal aktoreak adibidez, umorea eta kritika uztartuz honako bideoa saretu zuen.

Oihartzun zabala eskuratu zuen beste bideotako bat, Baztango mugimendu feministak ekoiztutakoa da. Greba feminista zergatik eta nola argi eta garbi azaltzen dute bertan.

Zaintza erdigunean

Aurten, zaintzaren gatazkari zentralitatea eman nahi dio mugimendu feministak eta beraz, bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa aldarrikatuko du greba feministarekin. Zaintzaren «berrantolaketa soziala» galdegiten du horretarako, eta, bide horretan, ezinbestekoa deritzo paktu sozial berri bat.

Zaintzak dakarren zama arintzeko asmoz, zenbait herritan antolatu egin dira. Zarautzen, adibidez, 16.00etatik 20.30era haurrei zuzendutako zaintza gunea irekiko dute herriko hainbat gizonek Putzuzulo gaztetxean.

Amurrion ere zaintza gune komunitarioa egongo da, bazkaria ere emango zaien haurrei bertan.

Emakumeek lan munduan bizi duten prekarietatea ere hizpide izan da egunotan. Bilbon, adibidez, eragile sozial eta feministak bat eginda, Lanbideren egoitzaren aurrean «biluzik» daudela salatu zuten.

Emakume gazteek sufritzen dituzten lanaldi partzialak edota migrazioa ere salatu dute herriz herri.

Egunotan, hamaika ekimen, bilera eta prestaketa lanak egiten ari dira han eta hemen.

Baionan ere ari dira greba feminista antolatzen, gaur bertan dute apainketarako hitzordua  Zizpa gaztetxean.

Herriz herri makina bat mobilizazio antolatu dituzte martxoaren 8rako. Hiriburuetan eguerdirako antolatutakoak daude hemen ikusgai, beste guztiak ezagutzeko jarraitu Twitterren: @M8EuskalHerria.