Ipar Euskal Herriaren edertasuna, zazpi herrialdeak aintzat hartzen dituen mapa batean

Euskal Elkargoko Turismo bulegoak Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako mapa turistiko osatua plazaratu du, hiru herrialde hauek zazpi herrialdez osatutako Euskal Herriaren parte direla argiki azalduz.

NAIZ+|2019/05/14 10:08
D6cbdftwkaa24by
Nicolas Martinek Twitterren zabaldutako irudia.

Ipar Euskal Herriko mapa turistiko berritua plazaratu du Euskal Elkargoko Turismo bulegoak, bertan Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako bailara, mendi eta altxorrak ikusi daitezke. Haatik, hiru herrialde hauek zazpi herrialdez osatutako herri baten parte direla argi azaltzen du irudiak, eskubialdean Euskal Herriaren mapa oso-osorik agertuz.

Euskal Elkargoko Turismo bulegoko zuzendari den Nicolas Martinek zabaldu du mapa berritua bere Twitter kontuan. Mapan, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoak eskaintzen dituzten aukerak eta paraje ederrak daude bistan. Kostaldeko hiri eta herritatik hasi eta barnekaldeko altxorretaraino.

Euskal Hirigune Elkargoak turismo bulego bateratua martxan jarri zuen pasa den urteko urrian, Ipar Euskal Herrian ordura arte zeuden turismo bulego guztiak egitura berean kokatuz eta politika berritzaile bat ezarririk.

Badira ia hiru urte, Ipar Euskal Herriak zeuzkan hamar herri elkargoek bat eginik, Euskal Hirigune Elkargoa sortu zela. 158 herritako 300.000 biztanle biltzen ditu erakundeak.

Estatu frantseseko Notre legearen arabera, turismoaren sustatzea Hirigune Elkargoen eskumena da eta hura egikarituz sortu dute turismo bulegoa. Kostalde eta barnealdearen arteko oreka berri bat sustatu nahian dabil ordutik Euskal Elkargoko Turismo bulegoa.