Sufragistak Bilbon, berdintasunaren aldeko ordenantzaren aurka

Bilboko emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko ordenantza berriaren aurka atxatu dira emakumeen bozka eskubidearen aldeko sufragistak.

NAIZ+|2019/05/23 11:10
Captura_de_pantalla_2019-05-23_a_las_11.13.53
Sufragistak atera ziren atzo kalera.

Bilboko mugimendu feministak ez du bat egiten Udalak onartu berri duen Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Ordenantzarekin eta horren aurrean protesta irudimentsua egin zuten atzo, emakumeen bozka eskubidearen alde hainbeste lan egin zuten sufragistak gogoan hartuta.

Onartutako ordenantzak berdintasun erreala sustatzeko ezinbestekoa den ikuspegi feminista ez duela diote ordenantzaren aurka bat egin duten 39 eragilek.« Intentzio-adierazpena besterik ez da, heteropatriarkatuaren oinarrizko logikarekin apurtzen ez duena», diote idatzian.

Ordenantzak gainera, LGTBI+fobiaren jazarpen egoera ezberdinei ez diela erantzuten uste dute; «Ez du bere egiten indarkeria matxistaren kontzeptu zabala, genero identitate eta harreman sozioafektiboen aniztasunaren ondorioz jasandako indarkeria barne hartzen duen indarkeria matxistaren kontzeptua», salatzen dute.

Ordenantzak ezarritako eginkizunei aurre egiteko beharrezkoak izango diren baliabideak egokitzeko «irizpide argirik» zehazten ez dela ere salatzen dute, bai eta ordenantzaren ebaluaziorako neurririk ez egotea ere.