Lyme gaixotasunaren alde, Hondarribitik Andorrarako bidea oinez

570 kilometro egingo ditu  Ibai Iturria mendizale beratarrak Lyme gaixotasuna duten gaixoen eta haien senideak biltzen dituen Alyme elkartea diruz laguntzeko. Ostiralean abiatu zen eta hilaren 23ra bitarte, Pirinioak zeharkatzen dituen GR-11 ibilbidea eginda, Andorrara iritsiko da.

NAIZ+|2019/06/12 09:20
Ibai
Xorroxin Irratiak Twitterren partekatutako argazkia.

Lyme gaixotasuna duten gaixoen eta haien senideak biltzen dituen Alyme elkarteari laguntzea da 17 eguneko ibilbidearen xedea. Mendian eskarmentu handia duen Ibai Iturria mendizale beratarraren egitasmo soziala da honakoa, ibilbideko kilometro guztiak diruz laguntzen ahal dira eta bertan lortutako dirua elkartearentzat izango da.

Ostiralean abiatu zuen mendi ibilbidea Hondarribian eta, hilaren 23ra bitarte, Pirinioak zeharkatzen dituen GR-11 ibilbideko 17 etapa egin nahi ditu. Orotara, 570 kilometro egitea da bere asmoa.

Ibilbidearen bidez, Lyme gaixotasuna duten eriei eta beraien familiei babesa eman nahi die Iturriak, eta aldi berean, eritasuna ezagutarazi eta ikerkuntzan laguntzeko dirua bildu nahi du. Bildutako diruarekin gaixoatsunaren prebentzioan egin nahi dute lan.

Lyme gaitza gaixotasun infekziosoa da, multisistemikoa da, izan ere, larruazalari, nerbio-sistemari, bihotzari eta artikulazioei egiten die eraso.

Etapetan egiten dituen kilometro guztiak diruz ordaindu ahal dira.Kilometroko nahi duen adinako ekarpena egin ahal da eta bildutako diru guztia elkartearentzako izango da. Hori lortzeko elkartearen kontu zenbakia jakinarazi dute: ES09 0138 0010 40 0020719877.

Erran.eus atariak eman du egitasmo honen berri.