Gurpildun aulki elektrikoa eskuratzeko laguntza ukatu dio Lakuak Gasteizko haur bati

Janire Morak egokitutako aulki elektrikoan joateko «gaitasunik ez duela eta laguntza beharrezkoa duela» argudiatuta ezeztatu dio Lakuako Osasun sailak laguntza. Haserre agertu dira senideak sare sozialetan.

NAIZ+|2019/07/24 08:51
Janire
Una Tarta Por Janire Facebook orriak partekatutako irudia.

Gurpildun aulki elektrikoa eskuratzeko beharrezkoa zuen diru-laguntza ukatu dio Lakuak Janire Mora Gasteizko haurrari, familiak sare sozialetan salatu duenez. Neskatoaren ama Leire Retuertok Alea aldizkariari azaldutakoaren arabera, Janire Morak egokitutako aulki elektrikoan joateko «gaitasunik ez eta laguntza beharrezkoa duela» eman du ezezkoaren argudio moduan Lakuako Osasun sailak. Moraren amaren iritziz «lotsagarria» da argudioa eta alabak halako aulki batean zortzi urte baino gehiago daramatzala ekarri du gogora.

Tetraparesia espastikoa du Janire Morak, eta egokitutako aulki elektrikoa behar du bere kabuz mugitu ahal izateko. Zortzi urtetan erabili duen aulkia txiki geratu zaio, eta beharrezkoa du berri bat. 18.000 bat euro balio du halako aulki berri batek, eta, Retuertok gogoratu duenez, 6.000 euro falta zaizkie kopurua lortzeko. «Hilabete bat baino gehiago egin dugu diru-laguntzen zain, eta azkenean hau; lotsagarria da, baina ez dugu amore emango» esan du amak.


Gogora ekarri duenez aurreko aldian ere, duela bost bat urte, arazo bera izan zuten aulkiarekin, Osasun sailetik laguntzarik ez ziotela emango esan zietelako hasieran. Epaitegietara jo, eta arrazoia eman zieten azkenik.

Diru-lagunztaren ekarpenaz gainera, beharrezko dirua lortzeko hainbat jarduera antolatu dituzte Una tarta por Janire ekimenari esker. Joan den hilean, esaterako, Gorbeiara txango bat egin zuten eta 1.000 euro bildu zituzten.