Amagoia Mujika

Mendazako Hiru Hankako Artea, Europako zuhaitz ederrena?

Lizarrerriko Berrotza ibarrean kokatua dago eta aise esan daiteke Mendazako biztanle zaharrena dela. Hiru Hankako Arteak 1.200 urte dauzka eta Europako zuhaitz ederrenen hautagaien zerrendan dago aurten. Otsailean hartuko dute erabakia eta herritarrek botoa eman dezakete.

Mendazako Hiru Hankako Artea
Mendazako Hiru Hankako Artea

Kasik hamasei metro luze da eta zortzi metro zabal. Kalkulatzen da 1.200 urte dituela eta adituen esanean, beste berrehun bat urteko bizi itxaropena. Mendazan –Lizarrerriko Berrotza ibarrean, Lizarratik 22 kilometrora– dago kokatua Hiru Hankako Artea. Horrela esaten zaio beheko partean hiru hanka antzeko dituelako. Berez, arbolatzarraren sustraiak dira, lurretik kanpo geratu direnak, bistan. Eta hiru hanka horiek oso itxura berezia ematen diote hain justu. Badu beste berezitasun bat; enborra hutsa dago barrutik eta behetik begira jarrita, zerua ikus daiteke.

Mendazako elizatik gora abiatuta, La Laguna izeneko inguruan dago arte berezi hori, herrigunetik 500 bat metrora. Aurreraxeago dago Santa Coloma baseliza. Mendazarrentzat oso toki berezia da, askotan gerturatzen dira Hiru Hankako Artea bisitatzera eta ohitura da zuhaitzaren azpitik pasatzea. Ganaduarentzat ingurune ederra da eta artearen azalaren kontra azkura egiteko ohitura omen dute abereek, herritarren artxiboetan dauden argazkiek erakusten dutenez.

Historiako pasarte zenbaiten lekuko ere izan da zuhaitza. Badirudi Zumalakarregik eta haren gudarosteak arte horren inguruan hartu zutela atseden, Benito Perez Galdos idazle espainiarrak idatzi zuenez. Kontaketa horren arabera, baso haietan kanpatu zuten karlistek Mendazako bataila baino lehen. Borroka 1834ko abenduaren 12an izan zen eta karlistek galdu egin zuten.

Adinak ez duenez barkatzen eta dagoen paraje ederrean haizearen astinduak ere sufritu behar dituenez, arte berezi horren egoera okertzen joan da hamarkadaz hamarkada. Hartara, zenbait konponketa egin izan dizkiote sortu zaizkion zartatuak konpontze aldera. 1993. urtean Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailaren aginduz altzairuzko bi torloju handi jarri zizkioten beheko partean. Baina ez ziren nahikoak izan eta 2000. urtean Mendazako bi herritarrek gerriko metaliko bat jarri zioten, zartatuak itxi eta gehiago zabaldu ez zedin. Eta horrelaxe dago orain, gerriko eta guzti. Bere babesean gauza asko ikusitakoa da Hiru Hankako Artea, baita ezkontza bat ere.

Ingurukoentzat hain berezia den Hiru Hankako Artea Europako zuhaitza izendatzeko hautagaien artean dago. Botoa honako helbidean eman daiteke egunotan: www.treeoftheyear.org/vote