Eurovision abesti lehiaketa, bertan behera lehen aldiz

64 urtez jarraian ospatu da Eurovision abesti lehiaketa. Krisialdi ekonomiko zein politiko ugari izan dira tarte horretan eta ezerk ez du lortu final handia bertan behera uztea. Aurten, lehen aldiz, ez da ospatuko eta 2021. urtera pasa dute Rotterdameko finala.

Nagore BELASTEGI|2020/03/18
Eurovision
Duncan Laurence nederlandarra izan zen iazko irabazlea. (NAIZ)

Txantxetan esaten genuen koronabirusari esker gure oinordekoei kontatzeko zerbait izango dugula, broma ugari egiten ditugu gaiarekin duen larritasunari pisua kendu nahian. Baina azkenean esan beharko dugu osasun krisialdi hau historikoa dela. Historikoa! Zein hitz potoloa. Baina hala da –nahiz eta arrazoia ez den denon gustukoa izango–: Eurovision bertan behera gelditu da lehen aldiz. 64 edizio ospatu dira jarraian, ezerk ez du musika eta showa gelditu, baina Covid-19ak krisi politiko zein ekonomikoek lortu ez dutena lortu du.

Zaleentzat, «eurofanak» deiturikoentzat, hondamendia da. Iruindarrek Sanferminak itxaroten dituzten bezala, Eurovisioneko finalerako falta diren egunak zenbatzen dituzte. Normala izan daiteke, irratian jartzen dutelako edo sare sozialen bitartez iristen zaigulako, norberak bere estatuaren ohorea defendatuko duen abestia zein izango den ezagutzea. Baina eurofanek lehiaketan parte hartzen duten herrialde guztietako hautaketa prozesuak jarraitzen dituzte, eta badakite nortzuk duten irabazteko aukera gehien. Eurofanek antolatutako bileretara doaz eta festa tematikoak egiten dituzte. Aisialdi ekintza ugari prestatzen dituzte gaiaren inguruan, urte osoan zehar. Lagunekin afariak, bidaiatxoak, lehiaketak… finalaren eguna guzti horren klimaxa besterik ez da.

Hala, urtero finala ospatuko den hirian hotela erreserbatzen dute non izango den jakin bezain laster, ikuskizuna ikusteko sarrera lortuko duten jakin aurretik. Eta antolatzen duen hiriak turista pila bat erakartzen ditu, berez, denboraldi baxua den aste batean: maiatzaren erdialdean. Aurten Roterdamen (Herbehereak) ospatzekoa zen. Hala, erabaki dute Eurovision abesti lehiaketaren 65. edizioa 2021ean ospatuko dela, aurreikusia zegoen leku berean. Parte hartuko duten musikariek denbora gehiago izango dute euren dantza exotikoak edota jantzi koloretsuak hobetzeko.

Lehiaketa bertan behera uzteko erabakia zentzuduna dirudi beste ekitaldi handiak ere bertan behera utzi edo atzeratu dituztelako. Gainera, antolatzaileek argi dute ez duela zentzurik finala publikorik gabe edo internet bitartez ospatzea, eurofanek duten balioa aitortuz.

Sare sozialetan albistea azkar zabaldu da eta jarraitzaileak ez direnek ere euren iritzia eman nahi izan dute:

Albiste onak dira batzuentzat:


Txarrak besteentzat:


Paradoxak! Britainia Handiko abestia ‘Nire azken hatsa’ deitzen da, eta Letoniakoa ‘Oraindik arnasten dut’. Zerbait esan nahi al ziguten?



Eurovision LGTBIQ+ giroan oso ezaguna eta maitatua da.