Orain hainbeste denbora dugula pentsatzeko, zergatik ez baliatu adinekoei eskutitzak bidaltzeko?

Konfinamendu egun hauetan, hainbeste denbora dugula pentsatzeko, hainbeste gauza faltan botatzen ditugula... Matia Fundazioak gure adinekoei eskutitz bat idaztera animatzen gaitu herritarrok. «Imajinazioa eta sentimenduak» izan behar dira eskutitz hauen funtsezko osagaiak.

NAIZ|2020/03/24
Adinekoak
Emakume bat adineko beste emakume bat zaintzen. (Gorka RUBIO / FOKU)

Konfinamendu egoera honek kaleko ateak itxi bai baina beste aukera batzuk zabaldu dizkigu. Zaintza egoera berri bat aurkeztu zaigu begien aurrean, baita erlazionatzeko modu berriak ere. Azken aste honetan ohikoak izan dira lagunarteko edo senitartekoen bideo deiak.

Teknologiak hartu du izugarrizko garrantzia baina pantailetatik deskonektatzea ere gomendatzen dute adituek eta hortaz, ideia berriak ere sortu dira. Pentsatzeko denbora gehiago daukagu eta bakarrik bizi diren horiengan edo zahar etxeetan dauden adinekoengan pentsatzera ere eraman gaitu koronabirusaren izurriteak.

Erresidentzietan dauden adinekoek ezin dute senitartekoen bisitarik jaso –babes neurriak medio–, adinez zaharrenak direnak baitira gaitz honen arrisku handieneko taldea. Isolamendu egoera hau norberarengan sortzen ari da galerak, beldurrak, hausnarketak, ziurgabetasuna... Eta hau are gehiago pairatzen dute adineko edo ezgaitasunen bat duten pertsonek.

Egoera honen jakitun, komunikatzeko bestelako modu batean pentsatu du Donostiako Matia Fundazioak. Ez da komunikatzeko modu berritzailea, inondik inora ere baina bai, agian, egoera hauetan xarma gehien duena: eskutitzak, elektronikoak izanik ere sentimenduz beteak.

#Eskutitzaknagusi traola aurkeztu du. Email bidez (info@matiafundazioa.eus, gaian «carta» jarrita) adineko hauentzako animo eta babes mezuak jaso nahi dituzte.

Matia Fundazioak bere webgunean galdera batzuk bota ditu airera: «Zer esango zenieke? Nola animatu? Nola entretenitzen zarete egunerokoan? Errezetarik hau arinagoa izateko? Adineko pertsonek historikoki bizitu dituzten egoerak orain ezberdin sentitzen dituzu? Zeozer esan nahiko zenioke zure alboan ez dagoen pertsona horri? Norbait agurtu?».

Argitu dute edukia anitza izan daitekeela, soilik «imajinazio eta sentimenduak» direla funtsezko.

Reala jada hasia da eskutitza prestatzen, sare sozialen bitartez adierazitakoaren arabera.

 Ideia, mezu, animo eta babes hitz guztiak bildu eta webgunean jarriko dituzte, guztientzako eskuragarri izateko.