«Gora herrixa» abestiaren erritmo bizia eta elkartasuna aldarri Arrasateko merkatariak babesteko

The Potes talde arrasatearrak bertsionatu du Negu Gorriak taldearen «Gora Herria» abestia. Arteman komunikazio enpresarekin elkarlanean eta 18 merkatarien parte-hartzearekin, bideoklip bat osatu dute herriko merkataritza txikiei bultzada emateko asmoz.

NAIZ|2020/06/23
Loading player...

«Gaur egindako agerraldian jakinarazi dute covid-19 birusak eragindako krisiaren ondorioz, Euskal Herriko saltoki, taberna, jatetxe eta bestelako zerbitzuen %30ak ez dituela berriro ateak zabalduko; 10etik 3k, hain zuzen ere. Horrek esan nahi du familia askok zuzen zuzenean jasango dutela krisi bortitzaren eragina eta gure herri eta hirietan».

Irratiko uhinen bitartez datu deigarri horiek esanaz hasten da Arrasaten herriko merkatari txiki eta ostalariak bultzatu asmoz egin duten abesti eta bideoklipa. The Potes talde arrasatearrak bertsionatu ditu «Gora herria» abesti ezagunaren hitzak eta herritarren arteko elkartasuna da abestiaren lotura elementua.

«Gora herrixa, eutsi merkatarixa» leloa jasotzen du bideoklipak eta mezu hori duten kamisetekin agertzen dira bideoklipeko zenbait protagonista.

Merkataritza txiki eta zerbitzuak gogor kolpatu ditu koronabirusaren krisiak eta Arteman komunikazio enpresatik adierazi dute «kantuak jai kutsu konbatibo dezentekoa» duela eta egoera honetan beharrezkoak direla «halako mezu eta deiadarrak».

«Langile gogotsuak ezin doguz ito» eta «alkartzen dan herrixa ez da inoiz hilko» bezalako bertsoak jasotzen ditu bertsio berri honek, zeina nahita San Juan jai bezperan aurkeztu duten, Arrasaten sona handia duen festa egunean, hain zuzen ere.

«Danon bultzadaik baik zer izango zan hau / bixar guregatik ta zuengatik da gaur / hortaz gure herrixa borrokatzen dirau / Gora herrixa!», estrofa ere nabarmentzekoa da, herri baten biziraupenean merkataritza lokalak, ostalaritzak eta zerbitzuek duten garrantziaz ohartarazte aldera.

Bideoklipean beste kultur eragile eta musikariek ere hartu dute parte. Orotara, 18 negoziok hartu dute parte herriko merkataritzari bultzada ematea xede duen ekimenean.