Iñigo Otaduy

Gipuzkoako Foru Aldundia kontziliazioa ahalbidetzeko eskatutako murrizketa pilatuak ukatzen ari da

Zenbait lankidek lansaio murrizketak eskatu ditugu lana eta etxekoen zaintza uztartu ahal izateko. Lansaio-murrizketak legeak araututako terminoetan ematen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Arau horien arabera eguneroko jardunaldia partzialki laburtuz egin behar dira murrizketak, baina familia eta lana bateratzeko beste neurri batzuk bultzatu nahi dituela saldu du Foru Aldundiak prentsan.

Langileek, baldin eta beraien egoera pertsonalagatik behar bereziak dituztela kreditatzen badute, murrizketa metatu dezakete. Arazoa da inon ez dagoela jasota nola kreditatu behar diren behar berezi horiek edo zein dokumentu aurkeztu behar diren. Horren ondorioz, iaz onartu zituzten bi eskaeraren luzapenak eskatu direnean, nahiz eta egoera eta behar pertsonalak berdin mantendu, Foru Aldundiak ez ditu nahikotzat eman: berriro aurkeztu behar izan dute informazioa eta hala ere ukatu egin diete murrizketa pilatzeko eskubidea. Atzera goaz beraz, lehen kontuan hartzen zena, orain ukatu egiten baita. Hori gutxi balitz, modu arbitrarioan egiten da, ez baitago irizpide eta prozedura argirik. Berdintasuna eta bateragarritasuna bezalakoak, eremu diskurtsiboaz gain, neurri zehatzetan ere gauzatu behar dira eta jendarte osora zabalduko badira, aitzindaritza administrazioari dagokio.

Gure egoera berean izango dira ziurrenik beste hainbat, eta ez dago igarlea izan beharrik –guztiak edo gehiengo zabal bat behintzat– emakumezkoak izango direla jakiteko.

Nere kasu pertsonalean are gehiago gertatu da. Nik murrizketa metatua onartua nuelako bigarren alaba edukitzera animatu nintzen, lan baldintzak egokiak zirelako nire bizimodu familiarra kontziliatzeko. Eta orain, lehengo egoerarekiko beharrak handitu direnean murrizketa ukatu egin zait. Ezin sinestekoa.

Gauzak honela, gutun honen bidez, salatu nahi dugu GFAk egiten duen propaganda ez datorrela bat etxe barruko jokabidearekin. Horrelakoek ez dute laguntzen Gipuzkoa eraikitzen.

Bilatu