Eztabaidan

 

¿Cómo ha de ser nuestra relación con el territorio?
El urbanismo especulativo del último ciclo alcista terminó abruptamente en una larga crisis económica. Ese desenlace nos obliga a revisar los principios sobre los que hemos construido nuestra relación con el territorio en las últimas décadas y a proponer nuevos paradigmas.
Gidalerroetatik Lurralde Planera
Eguneratua 2016/05/16 10:43
Unai Fernandez de Betoño Arkitekto eta EHUko irakaslea

«Alferrik da zumarrari garia eskatzea. Hau lurralde-antolakuntza da, eta ezin zaio harago doan ezer gehiago eskatu», esan ohi du Jesusmari Erkizia arkitekto eta Eusko Jaurlaritzak EAEko lurraldea antolatzeko aspalditik duen zerbitzuburuak, teknokrazia goratuz, kritika ideologikoak baztertzeko asmo garbiarekin. Baina lurralde-antolakuntza ez da jakintza-arlo zientifiko edo tekniko hutsa, askotan aurkezten zaigun modura, baizik eta gizarte baten garapen-ereduaren adierazpen espaziala gidatu beharko lukeen politika-multzoa. Eta azken 20 urteotan Eusko Jaurlaritzaren garapen-eredua «Euskal Hiria» izan da, metaforikotik (eta teknikotik) ezer gutxi duen eskualde-hiri gero eta urbanizatuago bat, hipermugikortasunaren eta zementuaren ideologiari jarraitu diona. Bestelako aukerak egon arren.

Lurraldea Antolatzeko Gidalerroek (LAG) EAEko lurralde-antolakuntzarako erreferentzia-marko nagusia osatzen dute, lurraldea antolatzeko politikak eta irizpide nagusiak zehaztuz. Kontua da giza-erabilerak (etxebizitzak, lantokiak, azpiegiturak) espazialki kokatzeko ildoak ezartzen dituztela, Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusi bezain kezkagarriari jarraikiz: ekonomiaren hazkunde amaigabea sustatzea. Eta hori, LAGetako paperek diotena diotela, bateraezina da jasangarritasun iraunkor egiazkoarekin, «lurralde ekoadimendunaz» mozorrotzen saiatu arren.

Partzialki oraindik indarrean dauden LAGak Ardanza lehendakariarekin onetsi ziren 1997an. Plangintza mota malguago bat ezarri zuten, literaturatzat jo daitekeen planteamendu filosofiko ugarirekin, eta zuzenki betebeharreko gai lotesle nagusi soilik birekin: lurzoru urbanizaezinean etxe familiabakar gehiago egiteko debeku egokia, eta egoitza-kuantifikazio garapenzale negargarria (etxe hutsak kontuan hartu ez zituena, hiriburuen nagusitasun demografikoa orekatzen saiatuz porrot egin zuena, eta Bastida bezalako herri jakin batzuk modu arbitrarioan bigarren etxebizitzez betearazi zituena, besteak beste).

2006an Ibarretxeren gobernuak 97ko LAG horien gauzatze-esperientziari buruzko zenbait balorazio-txosten eskatu zizkien aditu batzuei, gidalerroak berrikusteko oraindik bukatu ez den prozesu luzeari hasiera emanez. Txosten horietako edukiak gorabehera, 2007an diagnostiko argigarri bat kaleratu zuen, jada «Euskal Hiria NET» izen ustez sofistikatuarekin. Bertan, irakurketa megalomano eta fisikotasun errealik gabeko plano ugariren artean, aurrerantzean berrikuntzaren eta ezagutzaren ekonomia izeneko zerbaitetaz bizi beharko garela esan zen, batetik, azpiegitura handietarako (AHT, plataforma logistikoak, geltokiak, itsas portuak, aireportuak) inbertsio publikoak nabarmen handitu egin beharko direla ziurtatuz, bestetik. Alegia, sorkuntzaren diskurtso limurtzailea (bale), eta zementuaren gurpil zoroa (kale), dena batera.

Patxi Lopezen gobernuak ez zuen itxura sofistikatuko norabide garapenzale hura batere aldatu, eta, 2011n antzerako beste zenbait agiri argitaratu ondoren, 2012an hasierako onespena eman zion «Euskal Hiria Plus» izeneko LAGen aldaketa hutsal bezain arriskutsuari (AHT eta Pasaiako kanpoko portua, adibidez, hitz arranditsuz justifikatzen ziren bertan). Alegazio-zaparrada bat jaso zuen, eta, huts eginiko PSEren Paisaiaren Lege-proiektua bezala, tiradera batean gorde behar izan zuten.
Aipatutako agiri, azterketa eta gidalerro guztien atzean Taller de Ideas izeneko arkitektura-bulegoa egon da (Fundación Metrópoli gisa ere ezaguna), Alfonso Vegara arkitekto eta ekonomialari seduktoreak zuzendua. Vegara kapaza izan baita jelkideen eta sozialista baskoen gustuko garapenzalekeria Richard Florida eta Jeremy Rifkin bezalako hiri-ideologo globalen ideia ustez erakargarriekin apaintzeko. Besteak beste, Singapur ultraliberala aurkeztuz EAEren eredu gisa (ez ahaztu Vegara Singapurreko ohorezko kontsula dela), haren demokrazia-maila oso zalantzagarria izan arren.

Arrazoi horiengatik (edo ezagutzera eman ez diren beste batzuengatik), Ana Oregi egungo sailburuak norabide-aldaketa bat iragarri zuen 2014an, LAGak ikuspegi parte-hartzaileago batez berritzeko zio instituzionala azalduz (kontrakoa matematikoki aski zaila zen). Hori bai, Eusko Jaurlaritzarentzat benetan garrantzia duena, udalerriz udalerri eraiki daitezkeen etxebizitza-kopuru berrien kuantifikazioa, ondo baino hobeto lotuz, alegia, LAGen berritze-prozesutik kanpo eta inolako parte-hartzerik gabe gauez eta azpikeriaz 2016aren hasieran dekretu bidez presaka onetsiz. Iruzurra. Hortaz, hastapen goibel horrekin, ezer gutxi espero daiteke Paisaje Transversal enpresak 105.000 euroren truke bideratuko duen partaidetza-prozesu deskafeinatuaz: etxebizitza-eredua eztabaidaezina bada, nola demontre hitz egin daiteke, gutxieneko fundamentu batekin, giza-finkamenduen eta haien ingurunearen antolakuntzari buruz?

Gauzak horrela, LAG berrietarako zenbait adabaki aldarrika daitezke, han-hemenka, posibilismo-ariketa bat eginez. Zentzu horretan, oinarrizkoena egoitza-kuantifikazio berria bertan behera gelditzea litzateke, hastear dagoen prozesu parte-hartzailearen barnean bestelako gaiekin batera eztabaidatzeko. Alabaina, zuzenketa osotasunari jarri behar zaio, ikuspegi integralaren izenean. Eredu osoari.

Horregatik, lurraldea antolatzeko legea da lehenik eta behin berritu beharko litzatekeena. Ez da erokeria bat, 1990etik euri dezente egin baitu, are gehiago lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren alorretan. Lege berri horretan LAGen izaera bera eraberritu beharko litzateke, gidalerro malguegien kontzeptu lausotik EAE osoaren eskalako lurralde-antolakuntzarako egiazko plan lotesle bat, EAEko Lurralde Plana, garatzeko oinarri legalak ezarriz. Egungo LAGek kontu garrantzitsu gehiegi delegatzen baitizkiete beherago dauden Lurralde Plan Partzialei, EAE osoaren lurralde-kohesioaren helburu funtsezkoa ezinezko bihurtuz.

Halaber, 4/1990 Legean ezarritako LAGei buruzko ikuspegi ekonomizistegia ere birpentsatu beharko litzateke, berandu baino lehen. 1980ko hamarkada-amaierako garapenzalekeriaren isla baita lege horretan jasotzen den espiritua. Jarduera ekonomikoa erakartzea ez delako izan behar lurralde-antolakuntza arautu behar duen lege baten muina. Ideia horrek lurra salgai bihurtzen duelako. Kosta ahala kosta ekidin beharreko kontzeptua, ezbairik gabe.

Badaude konpondu beharreko beste zenbait arazo, 4/1990 Legean egokiro iradokita zeudenak, baina hura garatzeko ondorengo LAGetan ez zirenak behar bezala kontuan hartu, eta EAEko balizko Lurralde Planak bildu beharko lituzkeenak: balio ekologikoko gune babestuak elkarren artean egokiro lotu, biodibertsitatearen jarraitutasunari mesede egiteko; balio kulturaleko guneak babestu, euskararen arnasgune geografikoak ahaztu gabe (1997ko LAGek euskara aipatu aipatzen zuten, baina, egin al da zerbait lurralde-antolakuntzaren esparrutik hizkuntza-kalteak ekiditeko?); nekazaritzarako, abeltzaintzarako eta basogintzarako lur egokienak babestu, betiere elikadura- eta energia-burujabetza handiagoa helburu; herrietako alde zaharren eraberritzea gidatzeaz gain, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako auzoen zaharberritzea ere antolatu; azpiegitura handien beharra errentagarritasun sozialaren arabera ere baloratu, bereziki EAEko bertako biztanleen premietan pentsatuz, Madril-Paris ardatzaren gainetik; gelditzen diren lur komunalen jabetza publikoa blindatu; etxebizitza- zein industria-higiezinen espekulazioa gelditzeko mekanismoak indarrean jarri; merkataritza-gune erraldoiei «aski da» esan; zenbait udalerriren arteko hirigintza-tirabirak eta koordinazio-gabeziak bideratzeko bateragarritze-planak egitea derrigortu; hiriburuen hazkunde amaigabeari mugak jarri (bestela, hainbeste iragarritako eredu zentroaniztunak ez baitu zentzurik); eskala ertaineko guneei eta hiriburuak biltzen ez dituzten eskualdeei arreta berezia eskaini; kostaldearen eta barnealdearen zein hiriaren eta landaren arteko lurralde-desorekak konpentsatzeko estrategiak gidatu; bereziki Nafarroarekiko, Iparraldearekiko eta Trebiñurekiko zubiak landu…

«Hori bai, Eusko Jaurlaritzarentzat benetan garrantzia duena, udalerriz udalerri eraiki daitezkeen etxebizitza-kopuru berrien kuantifikazioa, ondo baino hobeto lotuz, alegia, LAGen berritze-prozesutik kanpo eta inolako parte-hartzerik gabe gauez eta azpikeriaz 2016aren hasieran dekretu bidez presaka onetsiz. Iruzurra.»