Eztabaidan

 

¿Cómo ha de ser nuestra relación con el territorio?
El urbanismo especulativo del último ciclo alcista terminó abruptamente en una larga crisis económica. Ese desenlace nos obliga a revisar los principios sobre los que hemos construido nuestra relación con el territorio en las últimas décadas y a proponer nuevos paradigmas.
Lurralde antolaketak herritarrak hipotekatu ditu
Eguneratua 2016/05/16 10:43
Hodei Zenikaonandia Otzerinjauregi Udal arkitekto aholkularia

Durangaldeko “Anboto” astekariak hurrengo berri hau zekarren 2015eko azaroaren hasieran: «Guztira babes ofizialeko 62 etxebizitza daude esleitu barik Durangon». Notiziak aurrez sumatzen nuena baieztatu zidan: Eusko Jaurlaritzak eta udalek babes ofizialeko etxebizitzak sustatu aurretik, etxebizitza libreak erosi zituztenak hipotekatuegi daude, eta orain, berriz, prezio arrazoizkoagoak dituzten etxeak saldu ezinik dabil Administrazio Publikoa.

Izan ere, duela 20 bat urte etxebizitzen eskaria asko handitzen hasi zen, baina babestutako etxebizitzen eskaintza ez zen maila berean hazi. Administrazio Publikoak eta politikariek, hain zuzen ere, babestutako etxebizitzak ez zituzten behar bezala bultzatu, eta etxebizitza libre eta berriak eraikitzea lehenetsi zuten. Horretarako, hirigintza planifikatu zuten etxebizitza libreen eragileen interesei egokituta. Horrela, bada, merkatu librearen esku utzi zuten bizitokia eskuratzeko kostua. Funtsean, horrek eraikuntza sektorearen irabaziak handitzea ekarri zuen, etxebizitzaren prezioa etengabe igotzen joan baitzen 2007ko burbuila inmobiliarioaren eztanda gertatu arte.

Garai hartan etxebizitza hain prezio altuetan erosi izanak eragin latza izan du familia askorengan. Etxera sartzen den diru baliabideetako asko bankuaren hipoteka ordaintzeko erabiltzen da, eta, askotan, lehenengo mailako beste beharrizan batzuk asetzeko dirurik ez da izaten; gainera, batzuetan, egoera horrek familiaren kaleratzea dakar. Ondorioz, arriskuan egoteak beldurra sorrarazten dio jendarteari, eta, hortaz, norbanakoa behartuta dago baldintza batzuk onartzera, beste egoera baten ezelan ere onartuko ez lituzkeenak; besteak beste, lan baldintza eskasak edo bizimodu ez duinak.

Egungo egoera gure gurasoek bizitokia erosi zuteneko egoerarekin alderatuz gero, errealitatearen gordina ageri zaigu. Gurasoen belaunaldikoek batez beste bost urtetako soldata behar zuten etxebizitza ordaintzeko; gurekook, berriz, 30 urtetako soldata behar izango dugu. Zenbat bizitza-ordu lanean, eraikuntza enpresei eta bankuei oparituak!

Nola gertatu da hori guztia? 1997ko Lurralde Antolamendurako Gidalerroen (LAG) lurralde ereduak eraman gaitu burbuila inmobiliariora. Eta hori ez da gertatu gidalerroek ez dutelako etxebizitzaren gaia jorratu, baizik eta tresna juridiko zehatzak jarri dituztelako espekulazioaren mesedetan.

LAGak onartu zireneko testuingurua gogoratzea garrantzitsua da baieztapenok ulertarazteko. 1998an Aznarren lehenengo gobernuak Estatuko Lurzoru Legea moldatu zuen. Moldaketa horrek lurzoru guztia lurzoru urbanizagarri sailkatzea ekarri zuen, eta lurzoru ez-urbanizagarria ingurumen balio jakineko lurzoruentzat utzi zuen, salbuespen kasuetarako. Aurrez, 1992an, Konpetentziaren Defentsarako Tribunalak 1992ko Lurzoru Legea salatu zuen, «lurzoruaren merkatuan» lehia askea eragozten zuelakoan eta, ondorioz, etxebizitzaren prezioa igotzen zelakoan. Horrenbestez, neoliberalismo espekulatzaileak behar zituen legediaren aldaketak egin ziren, geroago burbuila inmobiliarioa garatzeko.

EAEko LAGak neoliberalismo korronte berean onartu ziren; esaterako, dokumentuak dio etxebizitzak egiteko zenbat eta aukera gehiago eman orduan eta prezio kontrolatuagoak izango direla.

Gidalerroek, lurralde eredua aplikatzeko, «Bizitegirako Lurzoruaren Kuantifikaziorako Formula» deiturikoa daukate, juridikoki udalentzat loteslea dena. Tresna hori eta bere osagaiak aztertu ditu DOT-Desazkundea eragile sozialak “Euskal Hiria nora zoaz?” dokumentuan eta baieztapen garrantzitsu bat egin du: «Bizitegirako Lurzoruaren Kuantifikaziorako Formula» burbuila inmobiliarioaren formula izan da.

Hitz gutxitan esanda, formulak datu eztabaidagarriak erabiltzen ditu emaitza handitze aldera; hala nola, Bilbotik Durangora bizitzen etorriko diren pertsona kopurua edo etxebizitza bakoitzean biziko den familiaren tamaina. Baina kritikagarriena da, zalantzarik gabe, «Eskaintzaren zurruntasunaren zuzenketa» deritzona. Aldagai hori koefiziente bat da, eta etxebizitza beharren kuantifikazioa biderkatzen du. Arrazoiak merkatuaren zurruntasuna eta gestiorako zailtasunak omen dira; horrela, kudeaketa publikorako zailtasun handiagoak dauden herrietan –alegia, herri txikietan–, lur urbanizagarri gehiago sailka daiteke koefiziente horri esker.

Adibidez, gidalerroen garapena dakarren Durangoko Eskualde Egituraren Lurralde Zatikako Planak dio Durangaldean etxebizitzen beharrizana 6.553 bizitegikoa dela 16 urterako; gero, zifra hori 1,25 koefizientearekin hanpatu du eta 8.191eko gutxieneko emaitza ezarri du. Horrela, herrietako hirigintza plangintzek 8.191 etxebizitza berri eraikitzeko besteko lurzorua antolatu behar dute. «Berri» diot, ez duelako uzten etxebizitza hutsak eta eraikinen eraberritzeak aintzat hartzen.

Horrenbestez, formulak, lurralde baterako etxebizitzen beharrizanak kalkulatu ostean, biderkatu egiten ditu badaezpada, herriei ematen dien gutxieneko kopurua beharrizanetik asko aldenduta. Horrela, merkatuak aukera gehiago izango ei du etxebizitza merkeagoak eskaintzeko.

Hamarkada bi igaro dira artezbideak onartu zirenetik eta estatistikek, ordea, beste zerbait diote. Sekula baino etxebizitza kopuru handiagoa eraiki da, baina etxebizitzaren prezioa igo baino ez da egin.

Plangintzarako irizpideak berritu behar dira: Antza denez, gu –hirigintza teknikari batzuk– ez gara bakarrak artikuluan deskribatzen den hirigintza eredua agortuta dagoela pentsatzen dugunak. 2016ko otsaileko 4/2016 dekretuan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Departamentuak behin betiko onartu zuen Lurralde Antolamendurako Gidalerroetako bizitegien kuantifikaziorako formula moldatzea. Testuak dio, besteak beste, aldaketak gertatu direla demografian, familiaren tamainaren eboluzioan, etxebizitza parkearen eboluzioan eta lurraren artifizializazioan, eta, horregatik, formulan moldaketak egin behar direla.

Tamalez, moldaketa hori ez zen egin LAGen berraztertze prozesuan integratua, Eusko Legebiltzarrak 2015eko martxoaren 12ko osoko bilkuran erabaki zuen bezala; hain zuzen ere, jadanik prozesua martxan zegoen.

Gaur egun, momentu interesgarrian gaude lurralde antolaketari eta hirigintzari dagokienez. Izan ere, aurreko ereduaren mugak eta akatsak antzeman dira eta eredu berriaren ideiak adostasun handia dauka gizartean. Gainera, eraikitako hiria eraberritzearen aldeko kontzientzia handiagoa dago eta hori bultzatzen duten lege berriak onartzen ari dira gobernuak, etengabe.
 
Beraz, ezinbestekoa da irizpideak aldatzea lurralde antolamendurako eta hirigintzarako plangintzan. Has gaitezen, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko LAGen berrikuspen prozesutik. Baina arduraz jokatu beharra daukagu, arrisku handia baitago berriz ere eraikuntza sektorearen interesak herritarrenen gainetik jartzeko. Mehatxu hori saihesteko, eredu produktiboa birpentsatu behar da. Badirudi eredu berriak etxegintza sektorearen pisua neurtu beharko lukeela, ezin daitekeelako herritarren bizitegirako beharraz baliatu prezio altuak ordainarazteko. Etxebizitza oinarrizko eskubidea da eta inork ez luke aberastu behar familiak hipotekatuz eta pertsonen bizitza-orduak lapurtuz.

«Gaur egun, momentu interesgarrian gaude lurralde antolaketari eta hirigintzari dagokienez. Izan ere, aurreko ereduaren mugak eta akatsak antzeman dira eta eredu berriaren ideiak adostasun handia dauka gizartean»