Eztabaidan

 

¿Cómo ha de ser nuestra relación con el territorio?
El urbanismo especulativo del último ciclo alcista terminó abruptamente en una larga crisis económica. Ese desenlace nos obliga a revisar los principios sobre los que hemos construido nuestra relación con el territorio en las últimas décadas y a proponer nuevos paradigmas.
Euskal Lurralde Imajinario baten alde
Eguneratua 2016/05/16 10:43
Ibai Gandiaga Arkitektoa

Euskal Herri imajinario» baten alde ari zela, Santi Leone historialariak nazioen sorreraren ustezko halabeharraz hitz egin zuen: «Iraganari ez ezik (estatuak) etorkizunari ere ematen diola zentzua eta norabidea. Historiaren lanaren emaitza ez dugu gizakiok hautsi behar. Hildakoek mezu argi bat utzi digute, eta mezu horretara moldatu behar dugu gure borondatea».

Lurraldea Antolatzeko Gidalerroen (LAG) berrikusteari buruz ari garela, Leonek Espainiaren eraketari buruz esan zuena berreskura dezakegu, eta hirigintza, lurralde-antolamendua eta garapenkeriaren erresumara moldatu. Ez dugu ahaztu behar espainiar Estatu osoan agintzen duen hirigintza-legedia 1956ko lege frankista baten alaba dela, lurren jabeen mozkinak handitzeko ohitura txarra duena. Izan ere, Ardanza lehendakariaren Gobernuak atera zuen Lurraldearen Antolamendurako legeak ere –LAGak gurean txertatu zituena– garai ez demokratiko batzuetatik datorren 1976ko lurzoru legearen marko juridikoa zerabilen (parentesi artean bada ere, gogora dezagun hirigintzaren gainbalio basatien jatorrizko bekatua nondik datorren).

Joan den mendeko 56ko eta 76ko lege horiek, hortaz, eredu ideologiko bat ezartzen digute, hirigintza-kapitalismo basati baten oinordeko. Era berean, 4/1990 Lurralde Antolamendurako legeak, eta bere ondorioz 1997an Eusko Jaurlaritzak sortu zituen Gidalerroek ere eredu ideologiko bat ezarri zuten, ildo ideologiko bera erabiltzen baitzuten. Hortaz: espazioa politikoa da, lurraldea politikoa da, eta, zer esan, azken honen antolamendua.

Zoritxarrez, lurralde antolamenduaz hitz egiten dugunean, gure sen ona baldartzen duen teknifikazio uholde batean sartzen gara. Hirigintza eta lurralde-antolamenduaren teknikak izugarri konplexuak dira; probintziaren gainetik erkidegoaren legea topa dezakegu, erkidegoaren gainetik estatuarena, lege sektorialak, foru-legeak, europar gidalerroak... Baina, funtsean, Leonek zioen bezala, ematen du traba horien puntu gorenean «historiaren lanaren emaitza» dagoela, eta hiritarrok ezin dugula, gure apaltasunean, horren kontra deus egin. Nahiz eta aurre egin, «hildakoen mezu argia» agertuko zaigu, behin eta berriz, «garapena» –edo beste era batean esanda, «eraikuntza»– bilakatuz erantzun bakarra.

Ez naiz ni gai esateko garapenak «handiagoa», «txikiagoa», «adimentsua» edo «jasangarria» izan behar duen, «desazkundera» edota «lehiakortasun estrategikora» zuzenduta egon behar duen. Alta, pentsatu nahiko nuke 2016an egon badaudela baliabide tekniko zein pertsonalak hiritarren parte hartzea bermatzeko, eta era berean gizartearen parte-hartze kultura ere gurean errotzen hasita dagoela. Gogoratu, erabaki bat politikoa den heinean, aldatzeko aukera (edo ez aldatzeko aukera) dago.

Gidalerroetan inplizitu, Europako lurraldeen arteko lehiakortasunari aurre egiteko plangintza estrategikoa dago. Plangintza estrategikoaren metodologia enpresa-mundutik dator, eta ez zen espainiar Estatuan txertatu 1987ra arte, hain zuzen ere Bartzelonako Olinpiar Jokoek ekarritako lanetan. Plangintza mota hori erabiltzeko orduan, etorkizuneko ikuspegi edo eredu estrategiko bat izan behar dugu buruan; hots, nora nahi dugun heldu. Plangintza estrategikoan «lehiakortasun ekonomiko zein bizi-kalitate ideiak dira nagusi, nahiz eta bigarrena lehenengoaren ondorio gisa ulertzen den, hirien arteko lehia eta merkatuaren logikatik pentsatutako prozesu batean. Onura ekonomikoa eta aberastasunen sormena plangintza-sistema honen funtsean daude». Hitzok, Alfonso Vegara eta Juan Luis de las Rivas soziologo eta urbanistarenak dira, hain zuzen ere 1997ko Gidalerroen idazketaren think tank-eko erantzuleetariko bi. Bere esanahia ondo aztertuz gero, konturatu gaitezke «nor den noren ondorio» erabakitze horretan –lehiakortasun ekonomikoa bizi-kalitate ideien ondorio, edo alderantziz– ideologia ekonomikoaren bi muturrak izango ditugula talkan.

Bai bi profesional hauen hitzetan, bai 4/1990 Legean ere, agerikoa da  lurralde-antolamendua jarduera ekonomikoen inguruan harilkatzen dela, lurraldearen osotasuna garapen ekonomikoaren menpe kokatuz, «garapen» hitzak zer esan nahi duen ondo definitu gabe (horretarako dago «historiaren mezu argia»).  Sinesten ez badidazue, ikusi LAGen eginkizunak definitzen dituen 4/1990ko 5. artikulua.

Azkeneko 20 urte hauetan, kapitalismoaren lurralde-logikaren menpe, edo kudeaketa arinago baten aitzakiaz, hiri handietako plangintzak plangintza estrategiko bilakatu dira, epe ertainekoak eta Hiri Antolamendurako Plangintza (HAPO) astunetatik ihes egiten dutenak. Plangintza osoak egin ezean, Plan Bereziez eta HAPOen modifikazio puntualez eta «master planez» bete ditugu gure hiriak. Ez nator ni esatera hori ez ondo ez gaizki dagoenik, baina beste behin ere erabakiak estrategikoak direla, eta beraz politikoak direla, ondoriozta daiteke.

Laburbilduz, argi utzi dugu lurralde-politikak ideologikoak direla eta, hortaz, gizartearen hautu demokratiko baten arabera aldagarriak (utz dezagun Espainiatik datozkigun legeen aldaketa beste egun baterako). Era berean, ondorioztatu dugu gehiegizko teknifikazioak ez duela hautu horien ahalmena, ez eskumena, txikitzen. Gainera, egiaztatu dugu lurralde-antolamenduan erabilitako tresnak, egun, enpresa-mundutik datozen plangintza estrategikoen garapenak direla, eta horiek ibiltzeko beharrezkoa dela ikuspegi estrategiko bat izatea; hau da, etorkizuneko «ideal» bat. Hortaz, ideal horren eraketak lurralde-antolamenduari ezarritako ideologia hartzen du oinarri, eta zimendu horiek erabiliz eraikitzen du etorkizuneko ideala.

Garrantzi txikiko ondorioztapenak direla eman badezake ere, ebazpen argi bat atera daiteke: gizartea, osotasunean, izan behar da LAGen berrikuspenaren partaide, eta ez bakarrik eragile ekonomiko, tekniko eta politikoak. Horretarako, ezin dira aitzakia teknikoak (paternalismo teknokratikoa, alajaina) edota antolamendukoak («jada eginda dagoena, ezin dugu desegin» eta antzekoak) onartu.

Lurraldearen antolamendua osasuna, hezkuntza eta beste hainbeste gairen moduan, ezin da erabaki partidisten ondorio izan, ez eta jarduera ekonomikoen iturburu ere (hain zuzen ere, jarduera horiek antolatzeko sortzen da tresna, eta ez jarduerak «berotzeko»). Erabaki estrategikoak diren heinean, erabaki politikoak ere badira, eta guztion artean gardentasunez eta lasaitasunez erabaki beharrekoak ere bai. Irudimena erabiliz, egin dezagun ariketa, eta irudika dezagun guztion onerako den Euskal Lurralde Imajinarioa!

«Lurraldearen antolamendua osasuna, hezkuntza eta beste hainbeste gairen moduan, ezin da erabaki partidisten ondorio izan, ez eta jarduera ekonomikoen iturburu ere. Erabaki estrategikoak diren heinean, erabaki politikoak ere badira, eta guztion artean gardentasunez eta lasaitasunez erabaki beharrekoak ere bai»