Kolorez kolore, funtzio publikoaren alde
2019/05/09

Funtzio publikoko langileek greba eguna egin dute maiatzaren 9an. Baionako karriketan, Santa Ursula plazatik suprefeturaraino ibili dira hainbat sektoretako langileak, hala nola ospitale, aduana, zein irakaskuntzakoak. Departamenduko Kontseiluaren aitzinean geldialdi bat egin dute hitza hartzeko. Toki berean, Euskararen erakunde publikoaren egoitzaren aurrean, Euskara Geroan sareko sail elebiduneko irakasleek ekintza sinboliko bat burutu dute. Hasieratik soinean zituzten jantzi beltzak kendu dituzte, kolore guzietako jantziz eta zapiz ordezkatuz, "Kolore, kolore" kantua abesten zuten bitartean. Urrunago, hilen oroitarriaren aitzinean ber ekintza errepikatu dute euskararen irakaskuntzaren alde, eta Blanquer legearen ondorioak salatzeko, azken honek lizeoetan euskarari balioa kentzen diola argudiatuz.