Gotzon Aranburu
IRURTZUN

«Lana sobera dago, baina gure kontura negozio egin nahi dute»

Bazkaltzeko ordua gerturatzen ari da eta letxugak, atuna, ogia… mahaira ekartzen ari dira Inasako grebalariak. Izan ere, egun osoa ematen dute lantegiaren kanpoaldean eraiki duten kanpamenduan, hainbat zereginetan; horietako bat, fabrikatik materialik ez dadila irten kontrolatzea.

Lantegiaren kanpoaldean ezarri dute kanpamendua. (Gotzon ARANBURU)
Lantegiaren kanpoaldean ezarri dute kanpamendua. (Gotzon ARANBURU)

Langileetako bat hiruzpalau urteko alabarekin dago gaur, eta umeen zaintzeak dakarren lanaz ari da lagun batekin. Denetarako denbora dago toldope honetan.

Gorka Oronoz leitzarra da grebalarietako bat. Herri horretako beste bat ere ari da Inasan, baina Sakanakoak dira langile gehienak, eta Iruñea aldeko mordoa ere badago. Asko gazteak dira, 30 urtera iritsi gabeak, adibidez iaz erretiroa hartu zuten hogeita sei langileren tokian sartu zirenak. «Zerbaiten usaina hartzen al genuen? Bada, ez. Lan asko egiten ari ginen. Iazko urte bukaeran –dio Gorkak– nabaritu genuen ahulaldi bat, baina aurten berriro ere eskari handiak sartu dira eta ondo ari ginen lanean; igandeetan ere etorri beharko genuela esatera iritsi ziren nagusiak».

Gorkak ez du zalantzarik egiten, jasaten ari diren egoeraren errua PPren Gobernuak indarrean jarritako lan erreforman dagoela. «Hemengo nagusiek hala edo hola aprobetxatu nahi izan dute lege hau, gure kontura negozioa egiteko» dio haserre.

Pello arbizuarra ere kezkatuta dago: «Sakanan gaizki pasatzen ari gara. Esate baterako, Altsasuko Sunsundegi enpresan ere larri dabiltza,» dio.

Kanpamendua hainbat argazkirekin eta prentsa-errekorterekin apainduta daukate. Horietako batean Mariano Rajoy azaltzen da eta beste batean, Espainiako erregea. Ez ditugu hemen jarriko entzun ditugunak, baina langileek oso lagun ez ote dauzkaten iruditu zaigu...