NAIZ.INFO
DONOSTIA

Aralar: «Justizia ezartzeko parametroak aldatzen ditu»

Aralarren ustez, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 sententziaren inguruan kaleratu duen erabakia «oso garrantzitsua» da eta Estatu espainolean «justizia ezartzeko indarrean dauden parametro guztiak aldatzen ditu».

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak nabarmendu duenez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiarekin «bakegintzarako eta normalizazio politikorako bide-orria den Gernikako Akordioaren puntuetako bat betetzen da».

Estrasburgoko Auzitegia «giza eskubideak betearazteko epaitegia» dela ohartarazi du, «kasu askotan, INes del Rioren kasuan bezala, estatuen aurka». Horregatik, «auzitegi hori bera berme nahikoa da guztiok ezagutzeko nondik joan behar den bakegintza eta normalizazio politikoa».

Aralarrek elkartasuna adierazi die Ines del Riori eta ‘Parot doktrina’ ezarri dieten preso guztiei eta dei «irmoa» egin die Estatu espainolari eta osatzen duten indar politikoei giza eskubideen errespetuaren arloan «inolaz ere ez ditzaten abian jarri trikimailuak, lege aldaketak edo atzerapen ekimenak, horixe baita Estrasburgoko Epaitegiak Espainiako Estatua zigortzeko arrazoia».