NAIZ.INFO
DONOSTIA

Ines del Rio eta kondena betea duten preso guztiak askatzeko eskatu du Herrirak

Estrasburgoko Epaitegiak «Parot doktrinaren» aurka jakinarazi duen ebazpenaren ostean, Ines del Rio eta kondena betea duten presoak aske uzteko eskaria egin du Herrira mugimenduak.

Estrasburgoko Epaitegiak «Parot doktrinaren» aurka jakinarazi duen ebazpenaren aurrean lehen balorazioa egin du Herrira mugimenduak. Lehenik eta behin, herritarrak «zoriondu» nahi izan ditu doktrinaren aurka «hainbestetan» mobilizatu direlako. Bestalde, ebazpena euskal jendartearen parte garrantzitsu baten lorpena dela esan du.

Ines del Rio «berehala» aske uzteko eskaera egin du, eta harekin batera, garaian ezarri zitzaien kondena betea duten presoak ere askatzeko eskatu du. Bide batez, 197/2006 doktrina bezala ezagutzen dena bertan behera utzi behar dela aldarrikatu du.

Euskal presoen eskubideen alde lanean jarraitzeko deia luzatu du Herrirak. Ebazpen honek herritarren mobilizazioaren «balioa eta gaitasuna» frogatzen duela uste baitu eta Gobernu espainol eta frantsesaren «jokabide geldiaren sostenga ezintasuna» agerian uzten duela aipatu du.