Gotzon Aranburu
Donostia

Elikagai Bankuak

Krisian murgilduta egon arren, Euskal Herrian milaka kilo elikagai botatzen dira zaborretara egunero. Ehunka familientzako berriz, oso zaila edo ezinezkoa da egunero jatekoa eskuratzea. Egoera ulertezin hau konpontzen saiatzen dira Elikagai Bankuak, eta horietako batera jo dugu besteak ez bezalako banku hau gertutik ezagutzeko.

Elikagai Bankuko furgoneta bat, janaria biltzen. (Gotzon ARANBURU)
Elikagai Bankuko furgoneta bat, janaria biltzen. (Gotzon ARANBURU)

Oiartzunen dauka Gipuzkoako Elikagai Bankuak egoitza nagusia. Lantokiz inguratuta dago, eta pabiloi handi honetan dabiltzanak ere langileak dira, baina atetik ateratzen eta furgonetetan kargatzen dituztenak ez dira burdinazko piezak, janariz betetako kaxak baizik. Dozena erdi bat gizonezko ari dira beharrean: bata hegaluzeak plastikotan biltzen ari da, beste bat esne kaxak ordenatzen, hango hura jogurten iraungitze datak begiratzen. Langileetako bat Jose Manuel Pineda da, institutuko irakasle ohia eta Gipuzkoako Bankuaren lehendakariordea, eta berak azaldu dizkigu bankuaren gorabehera guztiak.

Nola funtzionatzen du elikagai banku batek? Bi hitzetan esateko, soberan dagoen janaria bildu eta janari horren beharrean daudenen artean banatu egiten du. Elikagai horiek eskuratzeko hiru bide erabiltzen ditu Gipuzkoako Elikagai Bankuak. Batetik, urtean lau aldiz Europar Batasunetik janari soberakinak iristen dira; iaz 830 tona izan ziren. Hilabete bat behar izaten dute bankuko boluntarioek kamioietan iritsitako elikagai horiek guztiak sailkatzeko eta kaxetan sartzeko, gero behartsuei iristarazteko. Hori ehun bat elkarte, erakunde, parrokia eta udalen bitartez egiten dute.

Elikagaiak lortzeko bigarren bidea dohaintzak dira. Hipermerkatuek, partikularrek, zenbait erakundek… janariak ematen dizkiote bankuari zuzenean. Horietako batzuk, Gipuzkoako Kutxak adibidez, 6.000 kilo janari erosten ditu hilero, ondoren bankuari emateko.

«Gure programa ‘izarra’ deituko genukeena, ‘azken minutua’ izenekoa da. Duela hiru urte abiatu genuen. Egunero, azken orduan, saltoki handietara eta banaketa zentroetara joaten gara, esate baterako Carrefour, Alcampo, Eroski edo Unialcora. Beno, bada saltoki hauek botatzera doazen janariak, dela iraungitze data gerturatzen ari zaielako, dela enbaseak akatsen bat daukalako… guk bildu egiten ditugu, biltegi honetara ekarri, sailkatu, balio ez diguna -ehuneko hamarra bataz beste- bota, eta bestea banatu egiten dugu», azaldu digu Jose Manuelek.

Hitz egiten ari den bitartean, furgoneta bat iritsi da pabiloira. Dagokion sorta hartu eta joan egin da, banatzera. Gaurko jasotzaileak eliza ebanjeliko bat, parrokia bat, kultur elkarte bat, eta erreabilitazio zentro bat izan dira.

Elikagai Bankuan lanean ari direnak boluntarioak dira, esan bezala, baina soldatapeko hiru langile ere badituzte, hain zuzen ere ‘azken minutua’ programako furgonetak gidatzen dituztenak: «Kilometro asko eta azkar egin behar dira, eta hobe da lan hori profesionalei uztea», dio Jose Manuelek. Gipuzkoako Aldundiak ordaintzen ditu profesional horien soldatak. Boluntario gehienak, bai Oiartzunen eta bai Bergaran, erretiratuak dira. Bergarako ordezkaritza duela urte bete ireki zen eta dagoeneko 50 boluntario ari dira lanean bertan, 1.300 hartzaileren mahaira elikagaiak helarazteko.

Laguntzaileak

Laguntzaile ugari dauzka Elikagai Bankuak. Lehenago aipatutakoez gain, Nagusilan azpimarratu behar da. Azkar enpresak dohainik garraiatzen ditu banku batetik bestera eraman beharreko zamak, dela Donostiatik Bilbora edo Gasteiztik Murtziara. Kaiku taldeko SDA enpresak egunero laurehun kilo jogurt ematen dizkie, eta hirutik bat bota beharra izaten duten arren, beste guztia banatu egiten du bankuak. Bota beharreko beste gauza bat edari alkoholdunak dira, elikagai bankuek ez baitute horrelakorik banatzen. Azken datuei begiratuta, Gipuzkoan gehien jasotzen diren jakiak esnea, zukuak, garbantzuak eta olioa dira, urtero 17.000 litro edo kilotik gora bakoitzetik, Oiartzungo eta Bergarako ordezkaritzak batuta. Haragi izoztua dezente iristen da, baina freskoa oso gutxi.

Aipatu dugu bankuen artean elikagai trukea egiten dela. Hego Euskal Herrikoei dagokienez, iaz 11 tona bidali zituen Gipuzkoak Bizkaira, eta 4 jaso. Nafarrora 3 joan ziren, eta 7 etorri. Arabara 4 tona bidali eta 2 jaso.

Duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, gipuzkoar bakoitzeko 179 kilo elikagai botatzen dira Gipuzkoan urteko, alegia, 35.800.000 kilo. «Kopuru horren ehuneko hamarra gutxienez jaso nahi genuke, beharra badago-eta», dio Jose Manuelek.