NAIZ.INFO
CARACAS

‘Loco Barrera’ narkotrafikatzaile kolonbiar ezaguna atxilotu du Venezuelako Poliziak

Daniel ‘El Loco’ Barreraren atxiloketari garrantzia handia eman dio Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak. Venezuelako agintariek Kolonbiarekin narkotrafikoaren aurka izandako elkarlana goraipatu dute.


Mapa handitu

Venezuelako San Cristobal herrian atxilotu dute Daniel ‘El Loco’ Barrera narkotrafikatzaile kolonbiar ezaguna. Urte askoan bere atzetik aritu dira agintari kolonbiar eta estatubatuarrak eta asteartean Venezuelako poliziak atxilotu du.

Kolonbiako presidenteak, Juan Manuel Santosek, operazioaren garrantzia azpimarratu du eta hedabide hegoamerikarretan oihartzun handia izan du atxiloketak.

Hiru hamarkadatik gora egin ditu narkotrafiko lanetan Barrerak. Urte horietan guztietan, harreman asko izan du bateko eta besteko narkotrafikatzaileekin. Kolonbiako Gobernuaren arabera FARCekin ere harremanak izan zituen arren, bere bizitza osoan paramilitarren inguruan aritu da droga salmentan. Talde paramilitar bat ere sortu zuen Pedro Oliverio Guerrero Castillo ‘Cuchillo’ narkotrafikatzailearekin, ‘Ejercito Revolucionario Popular Antisubversivo de Colombia’ izenekoa.

Venezuelaren konpromisoa

Venezuelako Gobernuak atxiloketaren harira narkotrafikoaren aurka duten «zalantzarik gabeko konpromisoaren» erakusgarri dela esan du. Goraipatu egin du Chavezen Exekutiboak Kolonbiarekin izandako elkarlana eta atxiloketa operazioa bertako erakundeek gidatu dutela.