NAIZ.INFO
IRUÑEA

Mundu guztian egungo agintari politiko eta ekonomikoen aurkako protestak egin dituzte

‘Global Noise’ izenburu nagusi gisa hartuta mundu osoan deitu dituzte mobilizazioak egungo agintari politiko eta ekonomikoen aurka. Hego Euskal Herrian zorraren aurka egin dute protesta. Lapikoak edo zarata egin dezakeen edozein tresna eskuan hartuta egin dituzte protestak ehunka hiritan.

Iruñeko Legebiltzarraren aurrean egin duten protesta. Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS
Iruñeko Legebiltzarraren aurrean egin duten protesta. Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS

Mundu osoko ehunka hiritan antolatu dituzte egungo agintari politiko eta ekonomikoen aurkako protestak #GlobalNoise izenburu nagusia lelotzat hartuta. Protestaren puntu komunak: agintari ekonomiko eta politikoak eta moldea, lapikoak edo zarata egiten duen edozer eskutan hartuta irtetea.

Euskal Herrian Iruñean, Bilbon eta Gasteizen egin dituzte protestak (Baionan ere deitu zuten hasieran, baina azkenean ez da egin) eta zorraren aurka izan da kasu honetan. Espainiako Estatuan adostu den ‘NodebemosNopagamos’ izenburua hartuta irten dira kalera.

Iruñean dozenaka lagunek Legebiltzarra inguratu dute 19.00etan deitutako mobilizazioan. Foruzaingoak hainbat pertsona identifikatu dituela azaldu du Iruñeko M15 mugimenduak. Espainiako Estatuaren zorraren %80 pribatua dela diote, eta bereziki bankuen eta enpresa pribatuen esku legokeela. Zor hori herritarrekin elkarbanatu ez duten aberastasuna biltzen zuten bitartean handitu dutela salatu dute.

Nazioartean

Protestak mundu osoan zehar izan du oihartzuna. Madrilen Sol Plaza ingurua lepo bete dute manfiestariek eta Bartzelonan ere ehunka pertsona elkartu dira protestetan, poliziaren presentzia handiarekin. Parisen eguerdian egin dute protesta.

Mundu osoko ehunka hiritan izan dira protestak eta bakoitzean izaera berezia izan du. Portugalen ‘Fuck the Troika’ izenburupean egin dute eta sindikatu nagusiak deitutako protestak ere bat egin du. Gobernuari Europatik datozen murrizketa neurriei muzin egiteko eskatu diote.

Istanbulen gerraren aurkako protestak egin dituzte eta Nazioarteko Moneta Funtsaren bileraren aurrean ere izan da ekimenik Tokyon.