NAIZ.INFO
GASTEIZ

Langile bat hil da Gasteizen, Betoñoko industrialdean

Langile bat hil da gaur goizean Gasteizen, Betoñoko industrialdean, Lakuako Barne Sailak adierazi duenez. Labe batean lanean ari zela, harrapatuta geratu da.

Lan ezbeharra izan da gaur goizeko 6.00etan Gasteizko Betoñoko industrialdean eta 37 urteko behargin bat hil da, Lakuako Barne Sailak adierazi duenez.

ELAk azaldu duenez, labe batean ari zen lanean eta harrapatuta geratu da. Engranajeak egiten dituen Grupos Diferenciales enpresarentzat ari zen eta bere lanpostua lantegiaren instalazioetatik kanpo zegoen. Hori dela-eta, bi orduro lankide bat joaten zen dena ongi zihoan ikustera. «Argi dago neurri hori ez dela nahikoa», esan du ELAk, istripuaren zergatiak argitzeko eskatzearekin batera.

Dolu gisa, enpresak jarduna geratu du.

Gaurkoarekin, hiru dira dagoeneko aste honetan Euskal Herrian hil diren langileak. Herenegun, 23 eta 24 urteko bi gazte zendu ziren A-21 autobidean, mantenu lanetan ari zirela, auto batek harrapatuta. Gidaria ere hil egin zen.