Amaia UGARTE
DONOSTIA

Langabeziaren gorakadak ez du etenik eta ia 223.000 dira dagoeneko Hego Euskal Herrian

Langabeziaren igoerak ez du etenik azken hilabeteotan. Azaroan beste 3.847 lagun gehitu ziren langabeen zerrendara Hego Euskal Herrian eta dagoeneko 222.918 dira guztira, Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera. Araban azken hamabi hilabeteetan %20 hazi da langabezia tasa.

Lanbidek «lapurtu» egiten duela salatzeko martxa egin dute Bilbon, mozorrotuta. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Lanbidek «lapurtu» egiten duela salatzeko martxa egin dute Bilbon, mozorrotuta. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Hego Euskal Herrian 222.918 pertsona zeuden langabezian azaroan; urriarekin alderatuta, 3.847 lagun gehiago, azken urteotako daturik txarrena.

Enplegu Ministerio espainolak eman dituen datuen arabera, Araban izan da igoerarik handiena, %2,18 igo baita langabezia tasa azaroan. Guztira 26.911 pertsona batu dira langabeen zerrendara, aurreko hilabetean baino 573 gehiago.

Gipuzkoan igoera %1,99koa izan da. 48.173 langabe zenbatu dira, urrian baino 938 gehiago.

Nafarroan 51.849 langabe zeuden azaroan, 856 gehiago. Langabezia tasa %1,68 hazi da.

Bizkaian, azkenik, hazkundea %1,57koa izan da. Guztira 95.985 pertsona daude lanik gabe, aurreko hilabetean baino 1.480 gehiago.

Azken hilabeteetako joerari erreparatuta ere Arabak ditu daturik okerrenak, langabezia ia %20 hazi baita (%19,9) urtebetean.

Bizkaian eta Gipuzkoan ere hazkundea handia izan da, %17,75 eta %17,46koa, hurrenez hurren, eta Nafarroan, berriz, zertxobait apalagoa, %13,11koa, hain zuzen ere.

4,9 milioi Estatu espainolean

Estatu espainolari dagokionez, langabeziak marka berria egin du eta dagoeneko 4.907.817 langabe daude, urrian baino 74.296 gehiago.