NAIZ.INFO
JERUSALEN

Jerusalem inguruan etxebizitza gehiago eraikiko ditu Israelek

Israelgo Gobernuak aurrera darrai Jerusalem inguruan koloniak hedatzen. Onartu berri duenez, beste 1.200 etxebizitza eraikiko ditu. Azken astean 5.500 egiteari argi berdea eman dio.

Nazio Batuek Palestina Estatu behatzaile gisa onartu zutenetik Israelek okupatutako lurraldeetan bere koloniak hedatzeko egitasmoa handitzen jarraitzen du. Azkeneko erabakia gaur bertan hartu du: beste 1.200 etxebizitza eraikitzea Jerusalem inguruan. Horietatik 900 berehala eraikitzea aurreikusten du, Gilon, eta gainontzekoak aurrerago.

Horrekin batera, Givat Hamatos auzoan beste 2.160 etxe egiteko asmoa du Gobernu israeldarrak, ‘Jerusalem Post’ egunkariak dioenez.

Astebetean dagoeneko 5.500 etxebizitza eraikitzea onartu du Benjamin Netanyahuren Gobernuak.