Beñat ZALDUA
BARTZELONA

Konfiantzako pertsonez osatutako Gobernua iragarri du Artur Masek

Pasa den legegintzaldiko kontseilari independente dezente kanpoan utzita, profil politikoagoa duten konfiantzako pertsonez osatutako Gobernua iragarri du gaur goizean Artur Masek, datorren legealdi korapilatsuari aurre egiteko.

Artur Mas, Generalitateko jauregian, kargua hartu zuen egunean. (Josep LAGO/AFP PHOTO)
Artur Mas, Generalitateko jauregian, kargua hartu zuen egunean. (Josep LAGO/AFP PHOTO)

Generalitateko presidenteak, Artur Masek, bere Gobernu berriko kideak ezagutzera eman ditu gaur goizean. Ustekabe gehiegirik gabe, Masek talde politikoago bat osatu du, aurreko legegintzaldiko sailburu independente batzuk kanpoan utzita.

Hiru dira ostegun honetako berri nagusienak: orain arte bozeramailea zen Francesc Homs (CDC) Presidentziako departamentu berriaren buru izanen da; Germà Gordók (CDC) –orain arte Gobernuko idazkaria– Justizia Saila hartuko du Pilar Fernandez Bozaren ordez eta, azkenik, Unio Democràtica de Catalunyako Ramon Espadalerrek zuzenduko du Barne Departamentua. Felip Puigek (CDC), beraz, ez du jarraituko Mossoen buru, baina bai Gobernuaren barruan, Enpresa kontseilari gisa.

Orain arte Figuereseko (Girona) alkatea zen Santi Vila (CDC) ere Gobernuan sartuko da lehenengo aldiz, Lurralde Departamentuan. Neus Munté (CDC) Ongizate kontseilaria ere berria da.

Gainontzeko departamentuetan ez da berririk egonen. Iragarria zegoen bezala, Ferran Mas-Colellek indarra hartu eta Ekonomia kontseilari izaten jarraituko du, baita Boi Ruiz independenteak ere, Osasun Departamentuan –osasun pribatuaren patronalaren presidente izan zen aurretik–. Oraindik PSCren karneta daukan Ferran Mascarellek ere Kultura arloa gidatzen jarraituko du. Irene Rigauk (CDC) Hezkuntza Sailean errepikatuko du, hala nola Josep Maria Pelegrík (UDC) Nekazaritza Sailean eta Joana Ortegak (UDC) presidenteorde bezala.