NAIZ.INFO
IRUÑEA

CANen gertatutakoaren inguruko ikerketa eskatu dio Kontuz!-ek Nafarroako lehendakariari

Kontuz! kontsumitzaile elkarteak orain arteko jarrera aldatzeko eta CANen gertatutakoa ikertzeko eskatu dio Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariari. Eskaera Parlamentuko talde guztiengana zabaldu du, PSNrengana batez ere.

Kontuz! kontsumitzaile elkarteak CANen gertatutako guztia ikertzeko eskatu dio prentsa ohar baten bidez Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariari eta «txalupatik ez jaisteko» deia egin dio, «honek norabiderik ez duen une hauetan».

Elkarteak positiboki baloratu du CAN eremu publikora bueltatzea, haren ustez, «inoiz utzi behar ez zuen eremura» bueltatu baita. Batzorde Kudeatzaileari eskaera zuzena egin dio: Yolanda Barcina, Miguel Sanz, Alvaro Miranda, Enrique Maya, Jesus Pejenaute edota Jose Antonio Asiainek entitatearekin izan duten harrema ikertzeko esan dio.

Horrez gain, entitateak izan dituen diru galerak, pertsona batzuek jasan duten mesedeko tratua... bezalako kontuak argitu ditzala ere exijitu dio Batzorde Kudeatzaileari.

Hala ere, batzordea osatzen duten pertsonek Barcinaren alde jokatuko dutela argi dauka elkarteak eta, horregatik, azken urteotan CANen inguruan jazotako guztia argitzeko eskatu dio lehendakariari, «orain arteko jarrera aldatuz».

Barcina gertatutakoaren «errudun» dela salatu du Kontuz!-ek eta nafartarren dirua nora joan den galdetu dio.

Nafarroako Parlamentuari, eta PSNri batez ere, abagunea probesteko eta orain arte Barcinaren gobernuak ukatu duen ikerketa martxan jartzeko eskatu dio elkarteak.