NAIZ.INFO
DONOSTIA

Iritsi dira Errege Magoak Hego Euskal Herrira

Arratsaldean zehar Hego Euskal Herriko txoko guztietan izan dira Errege Magoen desfileak. Umeen eskutitzak jaso ostean, gau luzea dute aurretik etxez-etxe opariak banatzen.

Iruñeko desfilearen amaierako argazki bat. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Iruñeko desfilearen amaierako argazki bat. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Iritsi dira Errege Magoak Hego Euskal Herrira beraien laguntzaile eta guzti, umeen eskutitzak jaso eta gauean zehar opariak banatzeko asmoarekin. Herri guztietan izan dira desfileak eta Bilbo, Donosti, Gasteiz eta Iruñakoak izan dira aipagarrienak.

Arratsaldeko 18.00tan iritsi dira Errege Magoak Bilbora. Kale Nagusitik abiatu dira eta Udalerainoko bidea egin dute. Bertan, Iñaki Azkuna alkateak mezu bat irakurri du.

Donostiara, aldiz, ibilgailu ekologikoetan iritsi dira arratsaldeko 15.00tan, umeen eskutitzak jasotzeko. Desfilea 18.00tan hasi da eta hiriko kale ezberdinak zeharkatu ditu.

Goizeko 11.00etan heldu dira Gasteizera, trenez. Handik Espainia plazara abiatu dira, Udaletxeko plazatik bertaratuak agurtzeko. Lehen harreraren ondoren, 19.00tan abiatu da desfilea eta hirigunea zeharkatu dute.

16.00tan iritsi dira Errege Magoak Iruñeara, Madalena zubitik barrena. Hiriburua gurutzatuz, Alde Zaharrean barrena sartu dira, Udaletxe plazaraino. Bertan, jarduneko alkatea den Ana Elizaldek harrera egin die.

19.00tan abiatu da desfilea eta 150.000 pertsonak ikusi dutela uste da.