Naiz.info
Bilbo

Lander Fernandezen estradizioa gelditzeko eskatu diote Italiako Justizia ministroari

Italiako hogei bat senatari eta legelarik Lander Fernandez bilbotarraren aurkako estradizio prozesua salatu eta geldiarazteko eskatu diote Paola Severino Justizia ministroari.

Bilboko Branka webguneak ezagutzera eman duenez, Italiako hainbat senatari eta legelarik Lander Fernandezen aurkako estradizioa gelditzea eskatu dute. Paola Severino Justizia ministroari bidalitako oharrean arrazoitzen dutenez, Fernandezen kontrako akusazioak torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen dira.

Hain zuzen ere, 2002an autobus bat erretzea leporatzen dio Auzitegi Nazionalak inkomunikazio aldian Aingeru Cardaño euskal preso politikoak egindako deklarazioetan oinarrituz.

Urtarrilaren 8an erabakiko du Erromako epaitegiak Fernandezen inguruan. Bilbotarrak ia zazpi hilabete daramatza preso bere etxean Erroman atxilotu zutenetik.