NAIZ.INFO
BILBO

Aurreakordioa sinatuta, bukatu da Bizkaiko gasolindegietako greba

Bizkaiko gasolindegietako langileak asteartean, goizeko 6.00etan, itzuliko dira lanera, sektoreko sindikatuek eta Aevecar gehiengoa duten patronalak aurreakordioa sinatu ondoren.

ELA sindikatuaren sektoreko arduradun Luis Fernandezek azaldu duenez, aurreakordioak «fidelki jasotzen du» joan den ostiralean patronalak egin eta larunbatean langileen biltzarrak onartu zuen azken proposamena.

Hori dela eta, astelehen honetako goizeko 10.15ean aurreakordioa sinatu ondoren, sindikatuek greba bertan behera uztea erabaki dute, eta hala, asteartean, goizeko 6.00etan, langileak lanera itzuliko dira.

Bestalde, USO sindikatuko iturriek azaldu dute sinaturiko testuak «alderdi oso positiboak» dituela, 46 eguneko grebari esker lortuak, eta langileak zoriondu ditu beren «borroka izugarriagatik». Gainera, «hitzarmena behin betiko sinatu arte», oraindik adosteke dauden gainontzeko gaiekin eta sinatutakoa modu egokian aplikatzen den ikusteko erne egoteko eskatu die.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek eta Aevecar patronalak sinaturiko aurreakordioaren arabera, hitzarmen kolektiboak lau urteko iraunaldia izango du, 2011tik 2014ra, eta EAEko KPIri lotutako soldata igoerak jasotzen ditu. Halaber, ultrajarduera mantentzea ere jasotzen du, besteak beste.