Naiz.info
Errezil

Lurrak behera egin du Ibarbia eta Urraki artean eta tamaina handiko zulo bat eragin du

Euriteen eraginez, tamaina ikusgarria duen zulo bat sortu da Errezil eta Azpeitia lotzen dituen errepide ondoan, Ibarbia auzoa eta Urraki arteko bidean. Errepidea galtzeko arriskuan dago.

Zulo ikusgarria sortu da Errezilen, lurra behera erori ostean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Zulo ikusgarria sortu da Errezilen, lurra behera erori ostean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Irudi ikusgarriak utzi ditu Errezilen euriteek eragindako lur mugimenduak. Ibarbia auzoa eta Urraki lotzen dituen errepidearen ondoan gertatu da ezbeharra eta errepidea galtzeko arriskuan dagoela adierazi du Maria Jesus Salsamendi Errezilgo alkateak.

Antza, zuloa sortu den tokian igeltsu-meatza izan zen orain urte batzuk eta lurraren azpikaldea «tunelez josita» zegoela nabarmendu du Salsamendik. «Orain dela urte asko, igeltsutegi bat zegoen toki horretan, eta inguruko lurrazpia garai hartan egindako tunelez josita dagoela esaten dute».

Antza, arazoa 2011n sortu zen. Orduko euriteek zulo txiki bat sortu zuten, baina hura nabarmen handitu da azken asteetako ekaitzarekin. Telefono poste batzuk bota ditu eta baita Ibarbia auzoko errepide ondoko zuhaitzak ere, Urola Kostako Hitzaren arabera.