NAIZ.INFO
BAIONA

Botere publikoek ikastoletan inbertsioak egin ahal izatea aldarrikatu du Seaskak

Pasa den larunbateko manifestazioan parte hartu zuten milaka herritarrak zoriondu ditu Seaskak prentsa ohar baten bidez. Era berean, murgiltze sistemaren defentsan elkarretaratzea egingo dute asteazken honetan Baionako Euskaldunen plazan.

Hendaiako ikastolaren auziaren inguruan agiri bat plazaratu du Seaskak. Bertan, larunbateko manifestazioan parte hartu zuten milaka herritarrak zoriondu ditu, «lapurtar auzapezen eta Euskal Herri osotik bertaratutako hautetsi eta eragile sozialak», bereziki.

Bestalde, Lionel Beffre Pirinio Atlantikoetako Prefetak eginiko elkarrizketa proposamenari ukorik ez diotela egiten azaldu du eta «baikortzat» hartu du Euskal Herriko parlamentariek eta Euskararen Erakunde Publikoak lanerako agertu duten prestutasuna.

Gauzak horrela, asteazken honetan elkarretaratzea egingo dute murgiltze eredua babestuko duen araudia sor dadin. «Botere publikoek ikastoletan inbertsioak egiteko ahalmena ukan behar dute, ikastolen funtzionamendurako dirulaguntzak segurtatu behar dituzte ikastoletako haur guztiak ukan dezaten herriko etxeen laguntza», gaineratu du Seaskak.

Euskara eskola eremura solik ez dela mugatzen dio oharrak eta lurralde hizkuntzei zor zaien lege geriza erdiesteko aldarrikapena plazaratuko duela iragarri du.