NAIZ.INFO
IRUÑEA

Nafarroak «birsorkuntza demokratiko» bat behar duela aldarrikatu du ezker abertzaleak

Nafarroako egitura administratiboak «porrot» egin duela eta, «birsorkuntza demokratiko» baten aldeko apustua egin du ezker abertzaleak. Era berean, ustelkeria eta murrizketei erantzuteko deia egin du eta «egoeraren tamainan» jarduteko eskatu die alderdi politikoei.

Maitane Intxaurraga eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak, gaurko agerraldian. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Maitane Intxaurraga eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak, gaurko agerraldian. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Txelui Moreno eta Maitane Intxaurraga ezker abertzaleko kideek prentsaurrekoa eskaini dute Iruñean azken aldian Nafarroan agertu diren ustelkeria kasuen inguruko balorazioa egiteko.

Bozeramaileen arabera, azken hiru hamarkadetan ezagutu den «errealitate iraunkor baten eszenaratzea» da egungo egoera; «ustelkeria, kalean mobilizazioak eta erantzunkizunak argitzeko helburua izango lukeen ikerketa batzorde baten etengabeko ukoa».

Arazoa Nafarroako administrazioaren egituran dagoela uste du ezker abertzaleak eta «inposatutako» egitura politiko instituzionalak «porrot» egin duela esan du. Porrota, alde batetik, «erabakiak Madrilen hartzen direlako» izango litzateke, bestetik, eredu ekonomikoa tarteko, eta azkenik, «beraien eredu politikoan justiziak eta demokraziak tokirik ez dutelako».

Arrazoi hauek mahai gainean, «beharrezkoa» iruditzen zaio ezker abertzaleari «birsorkuntza demokratiko» bat ematea Nafarroan. Eraldaketa hori, gainera, botere exekutibora, legegilera eta judizialera zabalduko litzateke.

Nafarroan hauteskundeak deitzea «gehiengo» baten nahia dela esan du ezker abertzaleak eta Catalan eta Barcinak «eredu bera» defendatzen dutela azaldu du. Horregatik, UPNren Kongresuaren zain egon beharrean alternatibak garatzeko garaia dela uste du.

Gauzak horrela, deialdi bikoitz bat luzatu dute Moreno eta Intxaurragak. Batetik, murrizketa eta ustelkeria kontuak salatzen jarraitzeko deia egin dute, eta bestetik, «egoeraren tamainan» jarduteko eskatu diete alderdi politikoei.